Haurtzaro Ikastolaren 50. urteurreneko festa nagusia izango da larunbatean

Herriko hezkuntza eragilearen festan parte hartzera gonbidatu du Udalak

Haurtzaro Ikastolaren 50. urteurreneko festa nagusia izango da datorren larunbatean (hilak 6), urteurrena borobiltzeko eta ikastolaren hezkuntza komunitatea osatu dutenak oroitzeko. Festa elkarrekin aurkeztu dute Josune Cousillas Kultura zinegotziak, Axier Bergaretxe Haurtzaro Ikastolako lehendakaria, Sorkunde Lekuona zuzendariak eta, Eli Lizaso eta Miren Irigoien 50. urteurreneko antolakuntza taldeko kideek.

Udalak ikastola zoriondu nahi du urteurrenaren harira. Era berean, herriko hezkuntza eta kultur bizimoduan eragile garrantzitsua dela aitortu nahi du, urte hauetan guztietan euskarazko hezkuntzaren eta euskal kulturaren alde egindako lana publikoki errekonozituz. Azkenik, oiartzuarrak festan parte hartzera animatu nahi ditu.

Ekitaldia, bazkaria eta kontzertuak

Egitaraua ekitaldi instituzionalarekin hasiko da: 50 urte hauetan Kontseilu Errektoreko kide izan direnek parte hartuko dute. Bergaretxek eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakarriak hartuko dute hitza. 50 urte hauetako promozio bakoitzeko ikasle batek ere parte hartuko du, bakoitzaren promozioa ordezkatuz. Izar Aizpuru, Ekain Kazabon eta Aritz Salamanca dantzariek eta Maria Mendizabal sopranoak ere parte hartuko dute (udaletxean, 11:00etan).

Ikastolan, mural margoketa izango da 12:30ean. Mikel Arakama eta Gurutz Oiartzabalek egin dute disenua. Egunean bertan, ikasle ohi eta ikasleek bukatuko dute. Gero, bazkaria izango da ikastolako pilotalekuan.

15:00etatik aurrera Etiam, Kepa Junketa eta Sorginak, Esne Beltza, Huntza eta Gozategiren kontzertuak izango dira. Esne Beltzak Alaitz Telletxea eta Maider Zabalegirekin batera, Xabi Solanok ikastolaren 50. urteurrenaren harira sortu duen abestia abestuko dute. 

Kontzertuak ikastolako atzeko zelaian izango dira. Jatekoa eta edatekoa ere izango da.

Gehigarriak

Haurtzaro Ikastolaren 50. urteurreneko festa nagusia izango da larunbatean