Bidegorrian egindako lanak finantzeko hitzarmena onartu du Udalak Aldundiarekin

Herriko ikastetxeetan eskolaz kanpo kirola egiteko laguntzak onartu ditu Udalak

Maiatzeko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Gai zerrendaz kanpo, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena onartu zen, ahobatez. Pasaialdea biziberritzeko egitasmoaren barruan, bidegorria berritzeko lanak egin ditu Udalak (hesiak berritu, tunelak egonkortu...) eta horiek finantzatuko ditu Aldundiak hitzarmen honi esker (185.000 €). Jexux Leonet alkateak azaldu zuenez, "azkenean ez ditugu DUSIrako planteatutako lagutnza kopuruak jasoko, eta guri tokatu zaigu portzentaje txikiena. Hala ere, bidegorriko lanak eginak daude dagoeneko".

2016ko aurrekontuaren likidazioaren eta 2017ko lehenengo hiruhilabeteko aurrekontuaren exekuzioaren berri eman zen. 

Haurtzaro Ikastolan eta Elizalde Herri Eskolan Eskola Kirola, Eskola Pilota, Muittu! egitasmoa eta eskolaz kanpoko jardueren koordinatzaileen kontratazioa ahalbidetzeko hitzarmenak onartu ziren, ahobatez. Guztira, 36.950 € pasatxo bideratuko ditu Udalak aurten herriko haurrek kirol jarduerak egin ditzaten eskolaz kanpo.

Kirolarekin lotura, OTXErentzako 1.600 €ko laguntza onartu zen. Taldeak elkarte berrientzako laguntza berezia jasoko du aurten azkenekoz (hiru urtez ematen baita), baina aurten bi talde osatu dituelako laguntza osagarria eskatu du. Itsaslapurrak taldeak, beriz, urko egin dio elkarte berrientzako aurten jaso behar zuen 1.600 €ko laguntzari, taldea desegin delako. Bi eskaerak onartu zituen udalbatzarrak.

Xorrolaren kontratua urtebete luzatu da

AGIFESekin, buruko gaixotasunak dituztenen senideen Gipuzkoako elkartea, hitzarmena berritu zen bsete hiru urterako. Honela, udalaren jabetzakoa den Agerrealde etxadiko etxebizitza bat erabiltzen jarraitu ahal izango dute.

Xorrola herri barruko autobusaren kontratua urtebete luzatzea ere onartu zen atzo. Cuadrabusek jarraituko du zerbitzua eskaintzen 2018ko maiatza arte.

Apirileko protokolo gastua 80,80 € izan da, bidaiatan.