Astralamustrikan Oiartzun haraneko bertso eta kanta zaharrak berreskuratu dira

Aurkezpen kantatua izango da larunbatean

Agustin Mendizabalek Astralamustrika bildumako bederatzigarren liburukia osatu du. Oiartzun haraneko bertso eta kanta zaharrak izenburua damara eta Oiartzunen batez ere, baina baita Errenteria, Lezo eta Pasai Donibanen ahoz aho transmititu diren kantak eta bertsoak jaso ditu.

Lana osatzeko, azken 25 urtean bildutako datuak eta egindako grabaketak baliatu ditu (bereak eta beste batzuenak): guztira, 130 lekuko baino gehiagoren testigantzak erabili ditu liburua lantzeko.

Orain arte antzekoenak izan diren liburuetan (Juan Mari eta Manuel Lekuonak; Aita Zavalak; Aita Donostiak edota Azkuek egindakoak) ez dauden kanta eta bertsoak bildu eta argitaratzeko ahalegina egin du Mendizabalek.

Liburua 18 gaitan banatua dago: gorazarreak, adiskidetasuna, haurrentzat, maitasuna... Honez gain, eranskin bat ere badu: Florentzio Porturen paperak. Astralamustrikako zenbaki berriko marrazkiak Andoni Odriozola ilustratzaileak egin ditu.

Aurkezpen berezia larunbatean

Liburua datorren larunbatean, hilak 20, aurkeztuko da udaletxeko areto nagusian, 19:00etan. Aurkezpen irekia eta berezia izango da. Mendizabal egilearekin batera, bertan parte hartuko dute libururako testigantzak eman dituzten hainbat oiartzuarrek, kontu-kontari eta kantu-kantari: Mikel Arruabarrena; Pepi Arruti; Xegundo Eskudero; Joxe Kruz Ezeiza Kaxka; Maritxu Gaztelumendi; Jazinto Larburu; Anttoni Portugal...

Haurtzaro Ikastola eta Elizalde Herri Eskolako HH eta LHko ikasgela guztietan ale bana banatu da. Honez gain, Errenteriako HH eta LH ikastetxe guztietan ere banatu da, bildutako kanta eta bertso asko bertakoak baitira.

Gehigarriak

Astralamustrikan Oiartzun haraneko bertso eta kanta zaharrak berreskuratu dira