Mugikortasun iraunkorraren inguruan egin duten lanketaren berri eman diote ikasleek Udalari

Konpromisoak hartu dituzte eta eskaera zehatzak egin

Gaur, Eskola Agenda 21eko ikasturte bukaerako batzarra izan da. Elizalde Herri Eskolako, Elizalde Institutuko eta Haurtzaro Ikastolako ikasle ordezkariak Jexux Leonet alkatearekin eta Ander Santesteban Mendi-Ingurumen teknikariarekin bildu dira, ikasturtean zehar landu duten mugikortasun iraunkorraren gaiaren inguruan aritzeko.

Ikasleek ikasturtean zehar egindakoaren berri eman diote alkateari (tailerrak, diagnostikoa...); Eskola Agenda 21n inplikatutako eragileen balorazioa egin dute (ikasleek euren jarrera soilik baloratu dute positiboki); mugikortasun iraunkorraren alde hartu dituzten konpromisoak aurkeztu dituzte (ibilbide motzak oinez edo bizikletaz egitea; ibilbide luzeak garraio publikoan edo auto partekatuan...) eta Udalari eskaera zehatzak egin dizkiote: ikastetxeetan bizikletentzako aparkalekuak gehitzea; eskolen sarrera-irteera orduetan eremua trafikoari ixtea eta gaizki aparkatutako autoentzako neurriak hartzea; espaloiak konpontzea...

Datorren ikasturtean zarata aztertuko dute

Leonetek eta Santestebanek apunetak hartu dituzte eta ikasleen lana aztertzeko konpromisoa hartu dute, "lan handia egin duzue". Honela, 2017/2018 ikasturte hasieran ikasleekin biltzeko konpromisoa berretsi dute, gaiaren inguruan hartuko diren erabakien berri emateko.

Datorren ikasturtean zarata gaia landuko dute Eskola Agenda 21n baitan herriko hiru ikastetxeetan.  

Gehigarriak

Mugikortasun iraunkorraren inguruan egin duten lanketaren berri eman diote ikasleek Udalari