Udal aktak: gobernuaren mamiaz gain, garaiko gizartera hurbiltzeko tresna

Hilero XVII. eta XVIII. mendeetako gertakari eta erabakien berri emango dugu

2013 urtetik, Oiartzungo Udalak bertako artxiboan gordetzen den funtsen edukia hedatzeari ekin dio. Horretarako udal mailan sortutako dokumenturik esanguratsuenekin hasi da: udal-akta liburuekin hain zuzen ere. Ez da ekimen berritzailea; hainbat eta hainbat herri dira funts horien inguruan proiektu ezberdinak egin dituztenak, beti ere gure iraganaren zati garrantzitsu eta uste baino ezezagunagoak jendearengana hurbiltze aldera.

Dokumentazio horri ekiteko irizpide ezberdinak eman dira, bai kronologikoki, bai proiektuaren beraren mamitik: lana egiteko hautatutako materialak ez du beti hurrenkera duen denbora-irizpiderik izan eta, era berean, batzuetan digitalizazio burutu da, beste batzuetan hustuketa eta hainbatetan, bi lanak uztartu dira: Pasaian edo Errenterian esaterako. 

Oiartzungo Udalak aurretik digitalizazioari leku egin zion; aipatutako urtetik, ordea, hustuketari bideak ireki dizkio, hau da, akta liburuetan gordetzen den informazioaren ildo nagusiak euskarri informatiko batean islatzeari, bertako gaien inguruko laburpenak datu base batean ipiniz. Euskara hutsean egindako lana dugu, gainera. Azken irizpide hau azpimarratzekoa dugu, batzuetan halako proiektuak elebidunak izan direlako edo aitzitik, gaztelaniaz bakarrik daude; alde batetik praktikotasuna bilatu daiteke, aktak hizkuntza honetan baitaude eta hustuketa lanak azkarrago egiten dira.

Lana burutzeko ardatz kronologikoa aintzat hartu da, liburu zaharrenetik hasi eta hurrenkero kronologikoa jarraituz. Izan ere, materialik zaharrenak normalean irakurketa aldetik zailtasun handiagoak aurkezten ditu. Modu honetan, 2013-2016 epean 1658tik hasi eta 1707 urtera arteko dokumentazioa hustu da: 33 liburu, ia 7.000 orri eta 4.700 fitxa pasatxo.

Egiari zor, ez dira oso akta zaharrak. Hau hala izateko arrazoiak anitzak izan daitezke: bilerak idatziz islatzeko ohitura falta; behar eza; gerrate, sute, uholde edo bestelako gertakariek eragindako kalteen ondorioz gertatutako dokumentazio galera... Edonola ere, horrek ez du esan nahi dokumentazioaren muina antzua dutenik, ezta gutxiago ere.

Datozen hilabeteetan hori frogatzeko aukera izan dugu. Udalak 2016ko urtarrileran ateratako oharrak prentsan izan zuen oihartzunaz gaindi, oraingoan beste ekimen bat abian jarri da egindako lana ikusgarriago egiteko asmoz eta ildo honetatik, jendeak bereh erriak gordetzen duen dokumentazioak ematen dituen aukerak helarazteko helburuaz.

Horretarako, hilero berri txikien bitartez aktetan topatutako datuei lekua egiten saiatuko gara: batzuk ezagunak, ohikoak izango dira; beste zenbait, aldiz, ilunagoak; hainbat eta hainbat, ustekabekoak. Guztiek, baina, herriaren izena eta izana, iragana eta oraina ulertzen laguntzen dute. Helburua, funtsesan, jendeak "papar zahar eta zatar" moduan hartu ditzakeen dokumentuak gaur egungo gizartean balioan jartzea da. Honela, XVII. mendearen erdialdetik XVIII. mende hasiera arteko gertakari edo erabakien berri emango dugu.

Aktetan hamaika gai jorratzen dira. Horietan udalbatzaren ikuspegia gailentzen da, eta bereziki bere interesak agerian agertzen dira: garia, haragia, ardoa, sagardoa edo olioa bezalako oinarrizko produktuen hornidura; txistularia, organojolea, erlojuzaina, medikua, botikaria edo maisua bezalako funtsezko zenbait zerbitzuren bermaketa; udal-ondasunen errentamendua; gastu eta beharrei aurre egiteko dirua lortzeko bideak; bideen mantenua; basoenganako ardura... Baina horrez gain, oiartzuarren kezka, eskaera eta arazoei buruzko berriak biltzen dira. Izan ere, udal-batzarren ohiko erregistroaz gain, sortetan bestelako dokumentazioa agertzen zaigu: erakunde zein pertsona ezberdinek udalbatzari zuzendutako idatzi, eskaera, gutun... hain zuzen ere.

Gehigarriak

Udal aktak: gobernuaren mamiaz gain, garaiko gizartera hurbiltzeko tresna