Taxibus zerbitzuaren hitzarmena urtebeterako luzatu da

2018ko jai egun ofiziala abuztuaren 3a izango da

Maiatzeko ohiko udalbatzarrean tramiteko 11 gai landu ziren atzo. Ahobatez onartu zituzten guztiak EH Bilduko eta EAJko 13 zinegotziek.

Ergoien, Gurutze eta Karrika auzoei garraio publikoa bermatzen dien taxibus zerbitzuaren hitzarmena urtebeterako luzatzea onartu zen. Oiartzungo Taxilarien Elkarteak jarraituko du zerbitzua ematen.

2018ko herriko jaiegun ofiziala ere adostu zen: abuztuaren 3a, ostirala, izango da, San Esteban eguna.

Ibargain Musika Eskolako beka sistema egokitu da

Ibargain Musika Eskolako ikasle oiartzuarrentzako beka-sistema berritzeko hitzarmena ere onartu zen, ahobatez. Honela, datorren ikasturtetik aurrera Oiartzunen erroldatuak dauden ikasle guztiek %35eko laguntza jasoko dute. Eusko Jaurlaritzako unibertsitateko beka-baremoetan sartzen dien familiek %55eko laguntza jasotzen jarraituko dute.

Maiatzeko protokolo gastua 49 € izan da, harpidetzatan.