Oiartzungo 244 ikaslek egingo dute Eskola Kirola 2018/2019 ikasturtean

Eskualde mailako datuak aurkeztu dituzte gaur Kirol zinegotziek

Oarsoaldeko Eskola Kirolaren 2018/19 iksaturteko lehen datuak aurkeztu dituzte gaur goizean Errenterian Oarsoaldeko kirol zinegotziek -Jon Txasko (Errenteria), Irlentz Ortega (Lezo) eta Enekoitz Markos (Oiartzun)-. Daturik nabarmenenak eta eskualde honetako Eskola Kirolaren filosofia, helburuak eta funtzionatzeko moduak azaldu dituzte egitura osoa profesionala duen eskualdea dela nabarmenduz.

Oarsoaldeko lau udalok 20 bat urte daramatzagu Eskola Kirolaren kalitatea hobetzeko lanean. Kirol eta Euskara teknikarien lan-mahai batek, Eskola Kiroleko koordinatzaileen bitartez, gidatzen du lan hori.

Eskola Kiroleko adierazleek hobetzen jarraitzen dute. Aurten ere eskualdeko Eskola Kirolak azken urteetako bilakaera paregabeari eusten dio, datuak ikusi besterik ez dago.

- Ikasleen %48,73k egiten du Eskola Kirola aurten. 8 eta 12 urte arteko 1.326 ikaslek egiten dute Eskola Kirola Oarsoaldean. Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 8-12 adin tarteko ikasleak 2.721 dira guztira. Honek erakusten du datu hauen benetako neurria eta garrantzia, ikasleen ia erdiak egiten baitu Eskola Kirola eskualdean.

Datu honek eskola orduz kanpo haur eta gaztetxoek egiten dituzten jardueren artean nagusi bihurtzen du Eskola Kirola. Hortik, besteak beste, bere garrantzia.

- 136 talde guztira (iaz 124): 71 talde Errenterian, 26 Oiartzunen, 26 Pasaian eta 13 Lezon.

- 75 entrenatzaile arduratzen dira 136 talde horien saioak gidatzeaz, 26 emakumezko eta 49 gizonezko. 

- Nesken parte hartzea gorantz doa urtez urte, poliki bada ere. Nesken %33,92k hartzen du parte Eskola Kirolean. Mutilen artean ehuneko hori %62,09 da.

- Eskola Kirol jarduera %100 euskaraz egiten da gaur egun, urteotan guztiotan egin den lanari esker entrenatzaileen kirol prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera ahalbidetzen baitira gaur egun.

Oiartzungo datuak

Oiartzunen 244 ikaslek egiten dute Eskola Kirolan (91 neska eta 153 mutilek). Eskualdean Eskola Kirola egiten duten ikasleen %18,4 dira. 

Oiartzunen, Eskola Kirola egiten duten ikasleen %37,3 dira neskak, bataz bestekoa baino pixka bat gehiago. 

Oiartzunen, 14 begirale arduratzen dira Eskola Kirolaz, bederatzi mutil eta bost neska.

Gurasoentzako deia

Datu esanguratsuenak aipatzeaz gain, gurasoentzako bi mezu bidali dituzte Oarsoaldeko kirol zinegotziek. Batetik, Eskola Kirolan aipatutako baloreak lantzen diren heinean, orain arte bezala jokaera eredugarria erakusten jarraitzera animatu dituzte gurasoak eta haurrak bai kantxatan, baita harmailatan ere. Bestetik, auto partikularra alde batera utzi eta partidatara joateko bestelako garraio modu batzuk erabiltzeko ahalegindu daitezen eskatu diete.

Kirol aniztasuna eta berdintasuna

Eskola Kirolaren filosofia nagusia kirol aniztasuna da. 8-12 adin-tartean, kirol bat baino gehiago ezagutu eta lantzeko eskaintza onuragarria da neska-mutikoentzat. Hainbat kirol ezagutu eta gustukoenak hautatzeko aukera izan behar dute haurrek.

Bestalde, neska eta mutilen arteko berdintasuna bultzatzen ari gara nesken praktika fisikoa sustatuz eta kirol munduan beren lekua aldarrikatuz.

Oarsoaldeko lau herrietan, gainera, Eskola Kirolaren egitura, koordinatzaileengandik hasi eta entrenatzaileenganaino, profesionalizatuta dago. Lan kontratua eta gutxieneko kirol prestakuntza bermatzen zaie entrenatzaileei.

Hori horrela izan dadin ikastetxeek eta udalek egin duten esfortzua nabarmendu eta balioetsi dute Kirol zinegotziek. Eskola Kirolaren kalitate ona bermatzen laguntzen du honek eta aurretik aipatutako guztia.

Gehigarriak

Oiartzungo 244 ikaslek egingo dute Eskola Kirola 2018/2019 ikasturtean