Lintzirin eremuaren biziberritze integrala bukatu da

Trafikoa ordenatzeaz gain, irisgarritasuna eta oinezkoentzako bide seguruak bermatu dira eta, jarduera industrial eta ekonomikoa bultzatu dira

Lintzirin eremua biziberritzeko lanak bukatu dira. Gaur, Jexux Leonet Oiartzungo alkateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek -Markel Olano diputatu nagusiak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak- eremua bisitatu dute. Bi erakundeetako ordezkariak "pozik" agertu dira emaitzarekin.

Lintzirin eremuaren biziberritze integrala sustatu du Oiartzungo Udalak: trafikoa ordenatu eta hobetu -Gipuzkoan egunean ibilgailu gehien hartzen dituen errepideetako bat da GI-636 errepidea, 38.000 egunero-; irisgarritasuna eta oinezkoentzako bide seguruak bermatu; eta, jarduera industrial eta ekonomikoa bultzatzea.

Lanak faseka egin dira. Lehenengo biak Oiartzungo Udalak osotasunean bere gain hartu ditu: barneko udal errepidea konpondu, espaloiak egin eta argiteria jarri ziren fase horietan, besteak beste.

Hirugarren fasean, bukatu berri dena, Gi-636 errepidean zerbitzu-bide berri bat eraiki da, ibilgailuen inkorporazioak errazteko eta bide-segurtasuna hobetzeko. Fase honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du Udalak. Bide Azpiegituren sailak gastuaren ia %54ko ekarpena egin du. Gainerako, Udalak eta bertako enpresek finantzatu dute.

Jexux Leonet Oiartzungo alkateak adierazi duenez, "trafikoa ordenatzeko hobekuntzekin eta irisgarritasuna hobetuta, Udalarentzako helburu garrantzitsuena lortzen ari gara: poligono industrialk biziberritzea eta, jarduera ekonomikoak indartu eta enpresa berriak ekartzea Lintzirin eremura". 

Era berean, biziberritzearen fase guztietan Lintzirin eremuko enpresen lankidetza bilatu du Udalak. "Eremua biziberritzeko ekarpen ekonomikoak egin dituzte bertako enpresek eta hori eskertu beharrekoa da". Erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza eredugarria izan da Lintzirin eremuan.

Guztira, 2.200.000 € bideratu dira biziberritzera, hiru faseak kontuan hartuta. Gehiena, 1.700.000 €, Oiartzungo erakunde publiko eta pribatuen ekarpena izan da: Oiartzungo Udalak 1.100.000 € inbertitu ditu Lintzirin eremuan eta bertako enpresek, 600.000 €. Gipuzkoako Foru Aldundiak azken fasean 500.000 €ko laguntza eman du.

Gehigarriak

Lintzirin eremuaren biziberritze integrala bukatu da