Paper-kontuak, euskaraz nahiago

Aurten zerbitzu bulegoentzako eskaintza bereziak eskainiko ditu Oarsoaldeak

Urteak dira, 22 zehazki, Oarsoaldeko lau udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bidez, euskararen normalizazio sustatzeko elkarlanean ari direla, euskaraz ahozko eta idatzizko presentzia handiagoa izan dezan.

Aurten ere lanketa berezia egingo da sektore jakin batekin. Oiartzungo Zubillaga aholkularitzan aurkeztu dira 2019an Oarsoaldeko zerbitzu bulegoei -aholkularitzak, inmobiliariak, aseguruak, finka administratzaileak- zuzenduko zaizkien ekimenak.

'Paper kontuak, euskaraz nahiago' ekimena

Otsailaren 28ra bitartean zerbitzu bulegoekin hitz egin dugu banan bana, asmoak azaltzeko eta Paper kontuak, euskaraz nahiago izeneko ekimenean parte har dezaten animatzeko.

Eskaintza bereziak

1. Webgunea euskarara itzultzeko aukera eta .eus domeinua urtebetez doan.

Hasteko, urteko ekintzetan parte hartzen duten establezimendu guztiei webgunea itzultzeko aukera emango zaie eta denei .eus domeinua urtebetez ordaintzeko eskaintza egingo zaie.

2. Dokumentu ereduak euskaraz bezeroei kalitatezko zerbitzua emateko

Bestetik, establezimendu mota bakoitzaren (aholkularitzak, inmobiliariak, aseguruak, finka administratzaileak) dokumentu ohikoenen ereduak banatuko dizkiegu martxoaren 27tik apirilaren 5era bitartean.

3. Errenta aitorpena euskaraz egiteagatik sariak

Martxoaren bukaeratik ekain bukaera bitartean herritarrek errenta aitorpena euskaraz egin dezaten sustapen kanpaina egingo da lau herrietan. Uztail hasieran sariak zozkatuko dira errenta aitorpena euskaraz egin duten herritarren artean. Herri bakoitzean bi lagunentzako otordu goxo bat izango da saria.

4. Errotulu berriak finka administratzaileentzat

Ekainean, ezkaratzetan jartzeko PVCko ohiko errotuluen banaketa egingo dugu finka administratzaileen artean.

5. Sariak zure bezeroentzat

Azkenik, azaroaren 11tik 30era, urtean zehar zerbitzuren bat euskaraz baliatu duten bezeroen artean 20 €ko deskontuak zozkatuko ditugu. Parte hartu duen establezimendu bakoitzari 5 sari.

Dagoeneko 35 establezimenduk bat egin dute kanpaina honekin. Ez galdu aukera!

Honen guztiaren inguruko berri oraindik ez duen establezimendu-jaberen bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du.

Herritarrak ere gonbidatu nahi ditugu eguneroko bizitza euskaraz egin dezaten. Hizkuntza bera erabiltzea da euskara indartzeko modurik onena.

Oiartzungo Euskara zerbitzua:

943 49 38 42. Fermiñene etxea. Aialde, 2

Gehigarriak

Paper-kontuak, euskaraz nahiago