2020ko aurrekontuak onartu dira behin-behinean

Ia 17.650.000 €ko aurrekontua izango du Oiartzunek

Azaroko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Petra Lekuona zaharren egoitzako ELAk aurkeztutako mozioarekin hasi zen saioa. Aurrera atera zen EH Bilduren aldeko botoarekin; EAJ abstenitu egin zen.

ELAko langileek adierazi zuten lau urte daramatzatela hitzarmen kolektiborik gabe eta hori lortzeko daramatzaleta 165 egun greban. Gipuzkoako Foru Alundia da zaharren egoitzen gastuaren %90a bere gain hartzen duena, eta horregatik, Aldundiari "erantzukizunak hartzeko" eskatzen zioten. Udalari, eurei elkartasuna adierazteko eta Aldundiari gatazka hau konpontzeko ardura hartzeko eskatzea.

Miren Rivera Petra Lekuona zaharren egoitzako langileak hartu zuen hitza: "Greban gaude, mesdez, hitzarmen kolektibo bat sinatzeko eskatzeko. Ez zaigu justua iruditzen Aldundiak azpikontratatutako beste zerbitzu batzuk, gizonak gehiengoa direnak, lan-baldintza hobeak izatea. Zaintza ez da baloratzen, eta baloratzea eskatzen dugu kalitatez eta duin artatzeko gure edadetuak".

Rafael Bergaretxe EAJko ordezkariak "gure alderdia da Aldundian Gizarte sailaren arduraduna, beraz, gatazkaren alde batean gaude", esa zuen. Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJk onartu zuen testua irakurri zuen, "kezka" agertuz "grebaren iraupen luzeak familia eta egoiliarrengan izan dezakeen eraginarengatik". Gehitu zuenez, "Aldundia ez da arduradun bakarra, eta soluzioa posible da".

Jexux Leonet alkateak EH Bilduren babesa adierazi zion mozioari eta Petra Lekuonako langileei: "Zuen borrokak erakundeok konpromisoan jartzen gaitu. Eztabaida interesgarri eta beharrezkoa da zaintza lanena. Uste dugu Aldundiak izan behar duela soluzioaren parte eta lan-baldintza duinak merezi dituzuela langileek".

Zaldunbordako makroproiektua, eztabaida iturri

Hondarribiako Udala Zaldunborda eremuan sustatzen ari den makro-outlet proiektuaren kontra Itturri Merkatari Elkarteak tartekatutako mozioa ere onartu zen, EH Bilduren aldeko botoekin. Oiartzungo merkatarien elkarteak Zaldunborda proiektuak "inguruko merkataritzan, ingurumenean eta planeamenduan sortuko dituen kalte konponezinak" direla eta, Hondarribiako Udalari atzera egiteko eskatzen zion, beste udalerri batzuetan egin den era berean. Sebastian Galardi Itturriko merkatariak salatu zuen "kontraesan handia" dela "Eusko Jaurlaritzak eta beste erakundeek merkataritza txikia laguntzeko kanpainak egitea eta gero, horrelako proiektuak gauzatzea".

EH Bilduk mozioaren alde bozkatu zuen, "filosofiarekin bat egiten dugulako".

EAJ abstenitu egin zen mozio honetan ere, "kezkatzen gaitu proiektuak eta izan ditzakeen ondorioek, baina gure ustez Oiartzungo Udalak ez luke ofizialki eta publikoki horrelakorik eskatu behar auzoko Udal bati". Hala ere, onartu zuten "taldearen barruan eztabaida handia" dutela gai honen inguruan eta "ez dugu posizio bat adostu".

Mamut merkatalgunea eraiki zenetik Oiartzunen eraiki diren komertzio gune handiekin "ez gaude besteri ezer esateko", esan zuen Rafael Bergaretxek.

Leonet alkateak Udala gisa horretako gune handien kontra dagoela eta "azken urteetan kontentzio politika egiten" ari dela gainratu zuen, "dauzkagun tresnekin eta baliabideekin, oso mugatuta gaude, ez delako udal konpetentzia halako baimenak ematea. Eraso handia ari gara pairatzen Oiartzunen eta inguruan eta ahal dugun guztia egiten dugu merkatalgune handi gehiago ez daitezen kokatu gure inguruan. Ez da Oiartzungo Udala horiek sustatzen dituena, Zaldunbordan ez bezala". Adibide gisa, Leonetek aipatu zuen 2007ko Arau Subsidiarioetan (HamaikaBateko Martin Beramendi alkate zela eginak) Lanbarren eremuan merkataritzara bideratutako eremua txikitzeko egin zen lanketa.

2020ko aurrekontua, hiru ideia nagusiren bueltan

2020ko udal aurrekontua ere onartu zen behin-behinean, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Oiartzungo Udalak 17.649.469,36 €ko aurrekontua izango du datorren urtean, %1,8 gehiago. Gastuaren %33 pertsonal gastua izango da, %32 udal zerbitzuena eta %35 diru-laguntzak eta inbertsioak. 

Jon del Olmo Ogasun zinegotziak aurrekontu-prozesua ekarri zuen gogora eta hiru ideia nagusi azpimarratu zituen: "%2,5eko soldata igoera aplikatuko diegu udal langileei; zorra milioi bat eurotik jaitsiko da eta Mendiburu 14ko eraikin berriak zerbitzu duinak emango dizkio herriari; Fermiñene Gizarte-Ongizate sailera bideratzea ahalbidetuko du gainera".

EAJk abstenitu egin zela adierazi zuen "gauza askorekin ados gauden arren eta Mendiburu 14n, Arizmendi-enean eta Fermiñenen hartu diren erabaki estrategikoak begi onez ikusten ditugun arren". Abstentzioaren motiboak hondakinen bilketa sistema, Urkabe Baitako proiektua eta Udalbiltzari ematen zaion diru-laguntza zirela esan zuen Bergaretxek.

Eneritz Arbelaitz alkateordeak Udalbiltzak egiten duen lanaren beharrezkotasuna defendatu zuen, "Euskal Herria mugarik gabe lantzen duen partzuegoa delako, bereziki behar handiena dagoen eremuetan lan egiten duena".

Jexux Leonet alkateak "aurrekontuak ahobatez onartzea" litzatekeela Gobernu Taldearen helburua adierazi zuen, "baina pozik nago EAJk ez duelako kontra bozkatu".

Hitzarmenak Lartaun Txistulari Elkartearekin eta Girizia Mendi Taldearekin

Etxebizitza tasatuen udal erregistroan izena emateko baldintzak aldatu zituen atzo udalbatzarrak ahobatez, errolda baldintzak malgutuz, "etxebizitza beharrean daudenak asetzeko".

Lintziringo zrebitzu-bidea egiteko lurrak utzi zituzten enpresei lanak egin ondoren erabili ez diren lur-soberakinak berriz sezioan ematea ere onartu zen ahobatez.

Lartuan Txistulari Elkartearekin eta Girizia Mendi Taldeakin hitzarmenak onartu ziren. Txistulariei Madalensoron lokala utziko zaie beren jarduna gauzatzeko eta Girizia Mendi Taldeari ere bai, Kontzejuerrekan. 2.500 €ko diru-laguntza ere jasoko du mendizale taldeak urtean.

Azaroko protokolo gastua

Oiartzungo Udalak 2017an Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren (GHK) bio-hondakinen tarifak kalkulatzeko moduari jarritako errekurtsoa ez duela onartu Gipuzkoako epaitegiak eman zen jakitera. Eneritz Arbelaitz Mendi-Ingurumen zinegotziak kezka azaldu zuen, "epaitegiak esan du kontu-hartzailaren kontuak ondo daudela, eta hala izango da, baina Ingurumen Legea ez du betetzen eta guk errekurtsoan horren inguruan egindako aipamena ez du erantzun".

Azaroko protokolo gastua 712,05 € izan da eskela, opari eta webguneko lanetan.

Gehigarriak

2020ko aurrekontuak onartu dira behin-behinean