Kirol Astea larunbatean hasiko da

Adin eta kirol modalitateen aniztasuna bilatuz, 20 ekintza antolatu dira

Kirol Astea hasiko da datorren larunbatean (hilak 29). Astebetez (martxoaren 7a arte), kirola eta jarduera fisikoa erdigunera ekarriko ditugu Oiartzunen, Udaleko Kirol sailarekin eta Kirolaisiaren ekimenez.

Adin guztiak kontuan hartzen dituen egitaraua da Kirol Astekoa (haur, gazte eta 3. adinekonetzako ekintzak ere izango dira) eta kirol aniztasuna erakusteko ahalegina ere egiten da urtero. Aurtengoan 20 ekintza antolatu dira. Antolatutako ekitaldi guztiak dohainik izango dira.

Herriko eragile ugariren laguntza izaten dute Udalak eta Kirolaisik Kirol Astea antolatzeko orduan. Horiei guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, euren inplikazio eta laguntzarengatik: Abaraxka ludoteka; Abittu; BPXport; Elizaldetarrak Judo Elkartea; Gazte Izanak; Girizia Mendi Taldea; Haurtzaro Atletismo Taldea; Honbu Kenpo Kai; Intxixu Trail; Labore Oarso; Mindara; Oiartzun Kirol Elkartea; OTXE; Tximeleta elkartea eta Txost.

Kirol Saria, Alain Isasarentzat

Kirol Saria emango du bosgarren urtez Udalak Kirol Astearen baitan. Aurtengoan, Alain Isasa Zufiria kenpo kai-ko kenshi-a izango da saritua, arte martzial horretan egin duen ibilbidearengatik, izan dituen emaitzengatik (momentu honetan Munduko Txapelduna da bi modalitatetan) eta herrian Honburen bidez haurren artean kenpo kai-a sustatzeko egiten duen lanarengatik.

Ekitaldia 19:00etan hasiko da eta irekia da. Egun horretan bertan, Isasak mahai-inguru batean parte hartuko du, Udane Arbelaitz eta Udane Loidi sokatiralariekin. Munduko Txapelketatik dominekin itzuli berri dira Beti Gazte taldeko bi kirolari oiartzuarrak.

EGITARAUA:

Otsailak 29, larunbata:

16:00: Palako Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa (Haurtzaro Ikastolan).

16:00: Eskalada, zirko tailerra eta saskibaloiko 3x3 txapelketa (Elorsoro kiroldegian).

Martxoak 1, igandea:

12:30: Futbol egokitua (Karla Lekuona futbol zelaian).

Martxoak 2, astelehena:

16:30: Antzinako jolasak (Abaraxka ludotekan).

19:15: Abentura bertikalak Artikoan, Pou anaiak (udaletxeko areto nagusian).

Martxoak 3, asteartea:

10:00/16:00: Tipi-tapa ibilaldia (Alkartetxetik).

18:00: Borroka erakustaldia (Madalensoron).

18:30: Cholitas dokumentala eta, Nebula eta Harria Herria film laburren emanaldia (udaletxeko areto nagusian).

Martxoak 4, asteazkena:

16:45: Gimnasia erritmiko erakustaldia (Haurtzaro Ikastolan).

18:00: Mendi lasterketa haurrentzat (Haurtzaro Ikastolatik).

Martxoak 5, osteguna:

11:00: Erorketa tailerra (Alkartetxean).

16:45: Hip-hop emanaldia (Elizalde eskolan).

18:00: Kirol elikadura sukaldaritza tailerra, Zigor Iturrieta eta Ander Iñarrarekin (Labore Oarson).

Martxoak 6, ostirala:

19:00: Kirol Saria (Alain Isasa) eta Kirol Mahaia.

Martxoak 7, larunbata:

09:00: Mendi lasrteketako kedada (Uztapide plazan).

09:00: Eskola Kirola BTT (Txaran).

16:00: Eskola Pilota (Haurtzaroko pilotalekuan).

16:00: Xistera topaketa (Beheko Plazan eta Madalensoron).

Gehigarriak

Kirol Astea larunbatean hasiko da