Alarma egoera hasi zenetik, 208 pertsonari eman zaio arreta
Oarsoaldea Garapen Agentziak eskualdeko langabetuak, autonomoak eta enpresak orientatzen ditu koronabirusak sortutako krisiari aurre egiteko neurri ekonomikoen inguruan.
COVID19ak sortutako egoeraren ondorioz, Oarsoaldea Garapen Agentziak krisiaren hasieran langabeei, autonomoei eta enpresei arreta emateko zerbitzua jarri zuen abian, koronabirusak sortutako krisi ekonomikoari aurre egiteko abian jarri diren diru-laguntzen izapidetzean informazioa, orientazioa eta laguntza emateko. Helburua da egin beharreko izapideen inguruko azalpenak ematea eta eskuragarri dauden neurri sortak eskatzeko prozesuan sor daitezkeen zalantzak argitzea.
Aldundiaren plataforma, COVID19 dirulaguntzei buruzkoa
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oarsoaldea Garapen Agentzia, gainerako garapen agentziak eta Gipuzkoako lurraldeko beste hainbat erakunderekin plataforma bateratua jarri du martxan, pertsona guztiek eskura izan dezaten une honetan beharrezkoa duten informazioa, tresnak, laguntzak eta eragileak. Erakunde guztien artean, modu bateratuan eta doan, laguntza eskaini nahi dugu, pertsona guztiak administrazioek hartutako neurrien jakitun izan daitezen.
Oarsoaldearen webgunetik Foru Aldundiak martxan jarritako webgunera jo daiteke, eta bertan jarduera ekonomikorako eta enplegurako neurri eta laguntzei buruzko informazioa ematen da. Bertan azaltzen den informazioa Oarsoaldea Garapen Agentziak osatu du, langabetuentzako bultzatutako neurri ekonomikoak gehituz, bai eta gure udalak martxan jartzen ari direnekin ere; hori ere webgunea berean dago eskuragarri. Etengabe eguneratzen da informazioa.
Oarsoaldearen orientazio zerbitzuan, kontsulten %57,7 langabetuenak eta %40,87 autonomo eta enpresenak
Martxoaren 14an alarma egoera hasi zenetik apirilaren 10era arte, guztira 208 pertsonari eman diogu arreta. Horietatik 120 langabeen kontsultak izan dira, 3 etxebizitzarekin lotutako gaietakoak eta gainerakoak, 85, autonomoen eta enpresen taldekoak.
Oro har, pertsona guztiek egin dituzte kontsultak eta beraien egoera zein den jakinarazi digute. Pertsona autonomoak eta enpresak, bizitzen ari garen egoerarekin oso kezkatuta daude, itxi behar izan dituzten negozioekin eta gastuekin aurre egiten nola jarraitu jakin gabe. Funtsean, orientazioa eta informazioa eskatzen dute, eta erakundeetatik bultzatzen ari diren neurri ekonomikoei buruzko zalantzak argitzea.
Pertsona autonomoen kasuistika askotarikoa da, eta kasu asko daude Estatuak abian jarritako ezohiko prestaziotik kanpo geratzen direnak. Negozioen lokalen alokairua eta hipoteken ordainketari aurre egitea dira kezka handienetarikoa. Enpresak, oro har, oso kezkatuta daude likidezia faltarekin.
Bestalde, langabeek, kasu askotan, egoera prekarioak izaten dituzte, osasun-krisiaren ondorioz larriagotu direnak. Zenbait kasutan, diru-sarrerak murriztea edo beste batzuetan diru-sarrera horiek galtzea ekarri du eta horiek horrela, etengabe adierazten dituzten kezkak, etxebizitzaren ordainketarekin (alokairua edo hipoteka) lotutakoak dira.
Arestian aipatutako kasu guztietan, kudeaketa telematikoak egiteko laguntza ere ematen zaie.
Jarri harremanetan orientazio zerbitzuarekin
Pertsonen egoera ezagutzeak, beraien egoerara hobekien egokitzen diren laguntzen eta tresnen inguruko informazio pertsonalizatua emateko aukera ematen digu. Zuen esanetara gaude, zuen kontsultak egiten jarraitu ahal izan dezazuen, aholkularitza eska dezazuen eta/edo izapideak egiteko laguntza eska dezazuen, leihatila bakarra daukagu:
E-maila: covid19laguntzak@oarsoaldea.eus
Telefonoa: 943 494 129 t
Gure eskualdeko pertsonekin elkarlanean aritu nahi dugu, krisi egoeraren eragina minimizatzeko eta Oarsoaldeko ehun sozio-ekonomikoaren ongizateari, kohesio sozialari, enpleguari eta iraunkortasunari laguntzeko.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika