Oiartzungo ekoizleak HemenGuk-en elkartu dira

Hilaren 19an herriko ekoizleen azoka egingo dute Kontzejupean

Oiartzungo ekoizleak saretu eta haien produktuei sustatzeko egitasmoa jarri dute martxan Udalak, zenbait herritarrek eta ekoizleek: HemenGuk.

Herriko ekoizleak ezagutzera eman, kontsumitzaileekin harremana sustatu eta herriko produktuak balioan jartzea da elkarlan honen helburua. Horretarako, HemenGuk sortu da: bertakoari eta bertakoek eginari erreferentzia eginez.

Bertako ekoizleen azoka, hilaren 19an

HemenGuk-ek antolatu duen lehenengo ekintza bertako ekoizleen azoka izango da. Hilaren 19 goizean (larunbata), Kontzejupean Oiartzungo 20 ekoizle elkartuko dira (09:30etik 14:00etara).

Postua jarriko dutenen artean, lehenengo sektoreko ekoizleak daude, baita beste sortzaile artistau batzuk ere. Salmentarako gune izateaz gain, topagune izan nahi du hilaren 19ko azokak, produktu lokalak eta bertako ekonomia suspertzeko.

HemenGuk-ek aterki zabala eskaini nahi die Oiartzungo ekoizleei. Horregatik, Udalaren, herritarren eta ekoizleen arteko elkarlanak jarraituko du, bertako produktuak eta ekoizleak indartzen jarraitzeko bestelako egitasmoak ere martxan jartzeko. Adibidez, Oiartzungo ekoizleen arteko saretze eta elkarlan honi esker, dagoeneko astelehenetan Killirikupen izaten den azoka ttikia osatu da (Arraztaloko saskiak, Peluzarko arrautzak, Zituene pasta, Gezamina ogia, Larremotx gazta eta Arabolaza eztia elkartzen dira bertan).

AZOKAN PARTE HARTUKO DUTEN EKOIZLEAK:

1) Aldako. Txakolina

2) Arabolaza. Eztigintza

3) Arraztalo. Barazkiak

4) Drink mucha. Kombucha

5) Elika. Barazkiak

6) Gezamina. Ogia

7) Ilargi. Egurrezko bitxiak

8) Itsaso. Amets harrapariak

9) Labore. Bertako produktuen denda

10) Larremotx. Gazta

11) Leire Dorronsoro. Bitxiak

12) Lekungarai. Gazta

13) Loregorri. Oihalezko konpresak eta poltsak

14) Minak. Ogia

15) Momotegi. Ahatekiak

16) Pagoa. Garagardoa

17) Papurrak. Ogia eta goxoak

18) Peluzar. Arrautza ekologikoak

19) Trikuharri kultur elkartea. Marrazkigintza

20) Zituene. Pasta

Gehigarriak

Oiartzungo ekoizleak HemenGuk-en elkartu dira