Oielekun mairubaratzeen bila

Bihar familian goiza pasatzeko aukera izango da

Aiako Harriko natura parkeko paisaiak zirraragarriak dira. Edertasunaz gainera, badute, ordea, beste ezaugarri aipagarri bat: ondare naturalaren eta kulturalaren arteko lotura zatiezinaren berri ematen digute. Hain zuzen, naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko harremanak denboraren buruan paisaia gizatiartuak sortu ditu, kultura-paisaiak.

Oieleku ingurua, Oiartzungo beste parte asko bezala, kultura-paisaia baten adibide garbia da. Lehenik eta behin, mendiko larreak ditugu, alderdi horretan abeltzaintzak izan duen eta oraindik duen garrantziaren adierazle. Belardieran zenbait mairu-baratza edo cromlech ikus daitezke. Baina batez ere, paisaia hauek mito eta kondaira ugariren iturri izan dira: mairuak, intxixuak... Asko dira inguru hauetan murgildu diren pertsonaia mitologikoak.

Oieleku inguruaz gozatzeko eta han dagoen ondarea hobeto ulertzen laguntzeko, azaroaren 6an (larunbata), Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak irteera gidatua antolatu du. Ibilbidea laburra eta nornahik egiteko modukoa da. Hala ere, oinetako erosoak eramatea komeni da. Helburua ez da asko ibiltzea, gauzei erreparatuz eta gidariaren azalpenen laguntzarekin kondairaz betetako paisaian murgiltzea baizik. Hamaiketakoa egiteko tartea egongo da.

Goizetako 10etan hasiko da Kausoko aparkalekutik eta 12:30ean bukatuko da toki berean, 12 urte baino gehiago dituztenentzako prezioa 5 € da eta hortik beherakoentzat, 3 €. 

Informazio gehiago: 943 49 50 69/688 89 50 68

arditurri@gipuzkoanatura.eus

Gehigarriak

Oielekun mairubaratzeen bila