Oiartzunek sekula izandako aurrekontu "handiena" izango da
Azaroko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Saioa EHBilduk Eusko Jaurlaritza izapidetzen ari den Ingurumen Administrazioaren lege proiektuan aratu nahi den figura berri baten kontra aurkeztutako mozioa landuz hasi zen: Interes Publiko Goreneko Proiektuak (IPGP).
Aldaketa horrekin, Eusko Jaurlaritzak ahalmena izango luke "ustezko ingurumen-hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura Interes Publiko Goreneko proiektu izendatzeko: energia berriztagarriak sortzeko proiektuak, zabortegiak, araztegiak, erauzketa-proiektuak...".
IPGP figurak "lurralde-antolamendu eta hirigintza-plangintzak egokitu beharra ekarriko du, toki-erakundeen prebentzio-kontrolerako ahala baliogabetuz. Figura hau adostasunaren kontrako eraso bat da". EHBilduren iritziz, ez da beharrezkoa "gisa honetako salbuespen tresna bat" sortzea.
EAJk kontra bozkatu zuen. Janire Mitxelena bozeramaileak adierazi zuenez, "goitik, kanpotik, datozen proiektuei oztopak jartzea zilegi izan daiteke, baina guztien edo gehienen interesekoak diren proiektuei eta beharrei erantzuteko tresnak ere behar dira". Testu alternatibo bat proposatu zuten. "Eusko Jaurlaritzaren gehiengo demokratikoaren zilegitasuna aitortzen dugu, irtenbideak emateko lege bat onartzeko. IPGP figurak erronka horiek ahalbidetuko ditu".
Eneritz Arbelaitz, Ingurumen zinegotzia: "Lege honek udalen ikuspegia ez du aintzat hartu"
Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotziak jeltzaleen proposamenari erantzun zion: "Lege honek ez du udalen ikuspegia aintzat hartu, nahiz eta lurralde antolaketan eragiten duen. Ez gaude kanpotik datozen proiektu guztien kontra, noski. Krisi klimatikoari aurre egiteko erronka asko ditugu: planekin erantzun behar zaio eta kogobernantzan, erakundeok elkarrekin, eta ez batzuek ezarritako proiektuekin".
Mozioa aurrera atera zen EHBilduren aldeko botoekin.
2022ko aurrekontuei hasierako onarpena eman zaie
2022ko aurrekontuek hasierako onarpena jaso zuten. 18.609.077 €ko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen Udal Gobernu Taldeak, aurtengoa baino %3,4 handiagoa. Jon del Olmo Ogasun zinegotziak esan zuenez, "inoizko aurrekontu handiena Oiartzunen". Igoera diru-sarrerak handitzeko aurreikuspenak eragin du, batez ere Gipuzkoako Foru Funtsetik jasoko den kopuruarengatik.
Del Olmok aurrekontua osatzeko prozesua laburbildu zuen eta ondoren, hainbat lerro garrantzitsu aipatu zituen: energia trantsizioa, administrazioaren digitalizazioa edo Ongizate arloko hainbat proiektu; tartean, Oiartzunen pobrezia eta bazterketa arriskuari buruzko ikasketa egitea eta eskualde mailan bazterkeria egoera daudenentzako egoitza sortzea. Dirulaguntzen lerroa %5 handituko dela ere azaldu zuen, "batez ere kultura arloan sortzen ari diren mugimenduak laguntzeko".
Inbertsioetara bi milioi euro bideratuko ditu Udalak datorren urtean. Zati handi bat Altzibar auzora bideratuko da: biziberritzea eta pilotalekuaren proiektuetara. Gurutzeko bidegorria izango da beste inbertsio potoloa, Eusko Jaurlaritzaren BERPIZTU programarekin gauzatuko dena.
EAJ abstenitu egin zen bozketan. "Nahiz eta guk egindako proposamena bazterkeria egoerak aztertzeko onartu duzuen, abstenitu egingo gara hutsuneak ikusten ditugulako: Urkabe Baita, hondakinen tasa, fatxaden garbiketa eta, horma eta bidegurutze batzuk pankar egonkorrak direlako. Eskubide urraketa iruditzen zaigu".
2022-2024 Dirulaguntza Plana onartu da
Horiez gain, Administrazio elektronikoaren Ordenantza onartu zenm ahobatez, "bitarteko elektronikoen erabilera arautzeko eta herritarren parte-hartzea errazteko". 30 egunez jendaurrean egongo da.
2022-2024 epealdirako Dirulaguntzen Plana ere onartu zen, ahobatez. Uadlak ematen dituen dirulaguntzak, zuzenekoak zein lehia bidekzoak, nola banatuko diren jasotzen du planak. Publikoa izango da dokumentua.
Ibargain Musika Eskolaren eta Udalaren arteko hitzarmena egoikitzea ere onartu zen, ahobatez, "jaiotza tasaren gutxitzeak eta pandemiak" eragin duen ikasle galerari aurre egiteko. Honela, 4 eta 8 urte artek ooiartzuarrek dohainik egin ahal izango dituzte ikasketak, izena ematen duten lehenengo urtean.
Mikel Mendizabalen ikus-entzunezko funtsa erabiltzeko akordioa ere onartu zen, ahobatez. Hori dela eta, herriko ondarearen inguruan Udala egiten ari den datu basean sartuko dira Mendizabalen lanak.
Azaroko protokolo gastuen berri ere eman zen: 359 € lore eta eskela, inprimaketa lan eta oroigarrietan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika