Oiartzungo kultur eragileek asanblada egingo dute

Datorren asteazkenean izango da bilera

Mendiburu 14 udal eraikinean egongo den kultur aretoaren erabileraren inguruko hausnarketatik abiatuta, Oiartzungo kulturgintzaren artikulazioari eta saretzeari bultzada emateko gogoeta prozesu partekatua egin genuen iaz herriko kultur eragile, sortzaile eta udal ordezkariek. "Oiartzunerako desiratzen dugun kulturgintzaren zutabeak definitu genituen eta bolondresez osatutako talde eragile bat aritu da prozesu hark eman zituenei forma gehixeago ematen".

Datorren asteazkenean (martxoak 2, udaletxeko areto nagusian, 18:30ean), talde eragileak egin duen bidea kultur eragileekin asanbladan partekatuko dute. "Dagoeneko jarduera aberatsa duen Oiartzungo kulturgintzari hauspo berria eman nahi diogu eta horretarako konfiantza ereitea, eragileok saretzea eta kulturgintza kohesionatu baterako bidea elkarrekin egitea funtsezkoa da".

Talde eragileak orain arte landutakoa partekatzeko, iritziak jasotzeko eta kontrastatzeko antolatu du asanblada, "elkargune hori baita aurrera begirako urratsak berretsiko dituena". Oiartzungo kultur eragileak asanblada horretara gonbidatu dituzte, "honek biderik egingo badu, eragileen parte-hartze eta sormenaren iturritik izango baita".

Asanbladara joateko asmoa duenak aldez aurretik adieraztea estimatuko litzateke (kultura@oiartzun.eus-era idatzita).

Gehigarriak

Oiartzungo kultur eragileek asanblada egingo dute