Euskara eta natura Oielekun

Txango gidatua Oieleku inguruan Luis Mari Zaldua euskalariarekin, mintzairaren eta izadiaren arteko harremana aitzakiatzat hartuta

Hizkuntzak ikuspegia irudikatzen du eta paisaiak mintzaira eratzen. Izadiaren eta euskararen arteko lotura estua da gurean, gizakiaren eta naturaren arteko elkarrekikotasuna ez delako atzo goizekoa, aspaldikoa baizik.

Euskararen eta naturaren arteko harremanaren lekuko dira, adibidez, tokien izenak nahiz klimak eta urtaroen urtetik urterako gorabeherek izaki bizidunetan duten eragina biltzen duten errefrauak. Bestalde, azken urteotan hizkuntza ekologia izenarekin ezagutzen den azterbideak gero eta indar gehiago du.

Hizkuntzaren eta izadiaren arteko lotura hertsia mintzaigaitzat (aitzakiatzat) hartuta, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak txangoa antolatu du Oiartzunen, zehazki Oieleku inguruan, martxoaren 26an (larunbata). Nornahik egiteko modukoa da eta Luis Mari Zaldua Etxabe euskalariak gidatuko du.

Paisaiaren xehetasunak, lekuen deizioak, landareen izenak, urtaroei buruzko esaerak, koloreen ñabadurak, ahozko tradizioa, gizakiaren urratsa... Horiek izango dira, besteak beste, bidean zehar erabiliko diren auzi edo gaiak.

Ingurumenarekiko errespetua ez ezean, natura ezagutzearen erabilgarritasuna azpimarratu nahi da, egunerokotasunean batik bat, horretarako nekazariek eta abeltzainek aipatu jakintza hori nola erabili duten ikusiz. Lurrari kasu egiten ikasten hasteko, ibilbidean zehar izaki bizidunak eta kultur paisaiak ikusi ahala, gidariak azalpenak emango ditu, galde-erantzunak erabiliz. 

Abiapuntua eta helmuga Artikutza bidean dagoen Kausoko aparkalekua izango da eta geldiune nagusienetarikoa Oieleku, paisaia zirraragarriz inguraturiko pago-motz apartak eta mairubaratze zoragarriak dauden toko benetan berezia. Txangoak hiru bat ordu iraungo ditu eta prezio 5 €koa izango da. Hitzordua goizeko 10etan da. Ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.

Informazio gehiago eskuratzeko:

E-maila: arditurri@gipuzkoanatura.eus

www.gipuzkoanatura.eus

Telefonoa: 943 49 50 69

Gehigarriak

Euskara eta natura Oielekun