Udal jarduna eta herria eraldatzeko tresna izan nahi du I. Plan Feministak.
Ekaineko ohiko udalbatzarrean Oiartzungo Lehenengo Berdintasun Plana onartu zuten ahobatez EH Bildu eta EAJk. 2025 urtera arteko iraupena izango du eta genero ikuspegia Udaleko sail guztietan txertatzea du helburu.
2008an hasi zen Oiartzungo Udala emakume eta gizonen arteko berdintasuna era aktiboan lantzen. Ordutik egindako ibilbidean aurrerapauso garrantzitsuak eman diren arren, Oiartzun feminista bat lortzeko lan handia dugu oraindik egiteko eta horretarako bideorri sendoa marrazten du orain onartutako planak.
2008, lehenengo parekidetasun diagnostikoa
2008. urtean Oiartzungo parekidetasun diagnostikoa osatzeko teknikari bat kontratatu zen, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean.
Diagnostikoak herrian arloz arlo genituen gabeziak detektatu zituen eta hauek hartuta, parekidetasuna bultzatzeko jarduera ezberdinak antolatzen hasi zen udala: sentsibilizazio ekintzak, udal langileei formakuntza ikastaroak, ikastetxeetan parekidetasuna bultzatzeko jarduerak…
2015, Oarsoaldeko berdintasun mahaia
2015ean eskualdeko lau herriek elkarlanean lehenengo berdintasun politikak garatzen hasi ziren: festa parekideak bultzatzeko kanpaina izan zen modu bateratuan egindako lehenengo ekintza. Elkarlan honetatik sortu zen Oarsoaldeko berdintasun mahaia, lau udalerriek indarrak batu eta modu koordinatuan parekidetasuna lortzeko egitasmo ezberdinak bultzatzeko. Autolaguntza zerbitzua ere martxan jarri zuten indarkeria matxistaren biktimak artatzeko. Eraso sexisten kontrako eskualde mailako protokolo bateratua ere landu zen.
2016, Berdinbidean programa
2016. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak 10.000 biztanle arteko herriei eskaintzen dien Berdinbidean programan sartu zen Oiartzun, berdintasun politiken plangintza diseinatzeko hiru arlotan: Udal barruko zeharlerrotasunean, emakumeen jabekuntzan eta indarkeria matxistan.
Feminismo zinegotziak eta Gizarte-Ongizateko arduradunak aholkularitza teknikoa jaso zuten Udaletik martxan jarrita zeuden berdintasun politikei forma eman eta fintzen laguntzeko. Udaleko idazkariak ere formakuntza jaso zuen kontratazio eta diru-laguntzean berdintasun irizpideak txertatzeko.
2017, Feminismo sailaren sorrera
Oiartzungo Udalak Feminismo saila sortu zuen 2017an eta berdintasunean urratsak emateko eta norabideak markatzeko gaian aditua den teknikari bat kontratatu zuen. Gizarte-Ongizate saileko atal bat izatetik sail propioa izatera pasa zen horrela. Berdintasun batzordea ere sortu zen, udalbatzarretan edo gobernu batzordean lantzen diren gaiei jarraipena egiteko.
Aurrerapauso garrantzitsua izan zen pixkanaka Udaleko sail eta erabaki guztietan berdintasun ikuspegia txertatzen hasteko.
2018, bigarren parekidetasun diagnostikoa eta plana marrazten hasi
2018an herriko parekidetasunaren bigarren diagnostikoa egin eta 2022an onartutako plana osatzen hasi zen.
Ordutik berdintasuna bultzatzeko ekintza eta kanpaina ezberdinak egiteaz gain, formakuntzari garrantzia berezia eman zaio: 24 udal teknikarik formakuntza jaso dute mainstreaming-ean, politika publikoetan berdintasun praktikak lehentasunezkoak izan daitezen; genero politiketan formakuntza eman zaie udaleko zinegotzi eta administrariei, herriko ikastetxeetako irakasleei eta udalekuetako begiraleei hezkidetzan formakuntza eman zaie… Indarkeria matxistak Oiartzunen duen eraginari buruzko diagnostikoa ere landu zuen Udalak 2019an.
2022, lehenengo plan feminista
Planaren ezaugarri nagusia transbertsalitatea da. Politika tradizionalak ikuspegi androzentrikoarekin egin izan da, gizonen lehentasunak erdigunean jarriz. Udaleko sail guztietan generoaren gaia transbertsalki lantzea da planaren helburu nagusia. Planaren ardura ez da soilik Feminismo Sailarena: Udaleko sail guztiek dituzte ardurak plana aurrera eramateko, sail guztietan generoaren ikuspegia landuz soilik lortuko baita udalean eta herri bizitzan gizon-emakumeen arteko parekidetasuna bermatzea.
Hiru ardatzeko plan integrala
Hiru ardatz lantzen ditu planak eta bakoitzerako ekintza ezberdinak proposatzen dira: emakumeen ahalduntzea (hirigintza antolaketa genero ikuspegitik, ekipamendu publikoak zaintza lanak kontuan hartuta egitea, emakumeentzat jabetze eskola…), ekonomia eta gizarte antolakuntza eraldatzea (aitatasun aktiboaren aldeko sentsibilizazio kanpainak, maskulinitatea eraldatzearen aldekoak…) eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak (arreta hobea ematea, detekzioa hobetzea, gazteekin prebentzio lanak egin…).
Plan integrala da. Udal barruan egin beharreko lanak jasotzeaz gain, baditu herritarrei zuzenduriko ekintzak (autodefentsa edo hezkidetza tailerrak, sentsibilizazio jarduerak…). Eragile ezberdinekin lankidetza bultzatzea ere badu helburu planak.
2022tik 2025era arteko kronograma zehaztu da eta ekintza bakoitzak bere arduraduna izango du. Plana egiten joan ahala ebaluatzen joango da Udala. Berdintasuna lortzeko oinarria jarri nahi da, baina honen ondoren askoz plan gehiago egin beharko dira helburu hori lortu arte.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika