Auzoa berritzea izan da legegintzaldi honetako helburu nagusietako bat.
Altzibar da herriko bigarren auzo handiena eta azken urte hauetan asko hazi da. Garapen honetara moldatu eta auzoko erdigunea biziberritzea izan da legegintzaldi honetako erronka nagusietako bat Udalarentzat. Horretarako urbanizazio-lan integrala garatzeko proiektua abian jarri zuen.
Auzoa berritu eta bizitzeko toki erosoagoa izateaz gain, mugikortasuna hobetu eta oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna handitu nahi ditu Udalak.
Duela urte bete hasi ziren obra lanak martxa onean doaz eta Altzibar berria ari da itxura hartzen.
Lehenengo fasea (urdin kolorez)
Hiru izan ziren lehenengo fasean egindako lan nagusiak: Aingeru-Zelai etxadiaren eremuan 105 plazako aparkaleku berria sortu zen eta aparkalekutik Agerrealdera joateko oinezko bide berria ere egin zen (horrela, Agerrealde eta Olalde oinez lotzeko bide zuzenagoa egin da). Bestalde, Olalderako sarreran biribilgunea egin zen, errepidearen segurtasuna hobetzeko. Altzibartik Elizaldera igotzeko bidea ere berritu zuen Udalak.
Bigarren fasea (arrosa kolorez)
Bigarren fasean Altzibarko plaza eta Klarene, Martintxo, Mikelete eta Donepetri kaleko azpiegiturak berritu (ur-hartuneak eta saneamendu sarea aldatu eta argiteria lurperatu), oinezkoentzat bideak egokitu eta errepide guztia asfaltatzen ari da Udala.
Altzibar biziberritzea, legealdi honetako erronka
Agustin Lekuona, hirigintza zinegotzik azaldu duenez, “legealdi honetako helburu nagusietako bat izan da Altzibar biziberritzea. Gune historikoa zaharkituta zegoen eta bagenuen auzoaren beharrei erantzungo zien proiektu garrantzitsua martxan jartzeko gogoa.
Datozen asteetan bukatuko ditugun lanekin, auzo atseginagoa eta irisgarriagoa izango da Altzibar. Behar dituen azpiegiturak izango ditu. Gainera, hasieran aurreikusita ez zeuden bi gune gehiago ere berritu ditugu (Mikelete eta Done Petri kaleen artean dagoen plaza eta Mikelete 10eko aparkalekua, azken hau bertako bizilagunekin elkarlanean).
Obrek bertako bizilagunei ahalik eta eragin gutxien sortzeko koordinazio lan handia egin behar izan dugu. Azken urte hauetan inbertsio garrantzitsua egin dugu auzoan itxura polita hartzen ari da Altzibar. Aurrera begira, frontoi estalia egiteko egitasmoa ere badugu eskuartean. Horrela, auzoaren behar nagusiei erantzuna ematea lortuko dugu.”
Epeak eta aurrekontua
Lanak urrian bukatzea aurreikusten da. Proiektuak 1.700.000 euroko aurrekontua izan du.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika