1.700.000 euroko inbertsioa egin du Udalak.
Altzibarko urbanizazio lanak bukatu dituzte. 2021eko irailean jarri zuen martxan proiektua Udalak, auzoko azpiegitura nagusiak berritu eta irisgarritasuna hobetzeko. Aparkaleku berri bat eta biribilgune bat egiteaz gain, auzoko erdiguneko hoditeria, argiteria, errepideak eta espaloiak berritu dituzte.
Azken lan txiki batzuk egiten dabiltzan arren, dagoeneko normaltasunez ibili daiteke auzoko plaza eta inguruetan.
Jexux Leonet alkateak eta Olaia Lasa eta Agustin Lekuona zinegotziek biziberritzea nola gelditu den ikusten egon dira. “Gustura eta pozik” azaldu da alkatea emaitzarekin. Adierazi duenez, “auzoa berritzeko proiektua martxan jartzeko konpromisoa hartu genuen legealdi hasieran eta lortu dugu Altzibarrek behar zuen modernizazioa gauzatzea”. Orain auzoa “atseginagoa, urbanoagoa eta irisgarriagoa” dela azpimarratu du.
Oinezkoek lehentasuna
Auzoko plaza eta inguruan autoak ibili daitezkeen arren, proiektuarekin oinezkoei lehentasuna eman eta hauen mugikortasuna eta segurtasuna hobetu nahi izan da. Horregatik, besteak beste espaloia errepidearen kota berean egin da eta autoen abiadura murrizteko neurri ezberdinak hartu dira.
Udaletik eskaera egin dute oinezkoen eta ibilgailuen arteko elkarbizitza errespetatzeko. Autoak horretarako markatuta dauden tokietan bakarrik uzteko eskatu dute eta bertako bizilagunen kasuan izan ezik, komertzioetara joateko ez bada, erdigunetik ibilgailuekin ez pasatzeko.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika