Herriko ondarea ezagutzeko egitaraua antolatu dute
Azaroaren 12tik 27ra izango dira jardunaldiak.
Herriko ondarea eta historia ezagutzera emateko jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzungo Udalak eta Ondarearen Mahaiak. Azaroaren 12tik 27ra izango da.
Ondarearen jardunaldien laugarren edizioa izango da. Aurtengo berritasun nagusietako bat irakasleentzat antolatutako tailerra izango da. Iosune Cousillas Kultura Zinegotziak azaldu duenez, “irakasleei herriko ondarea erakutsi nahi diegu: non dagoen jasota, zein baliabide dituzten honen lanketa egiteko, horrela haur eta gaztetxoei transmititzeko aukera izan dezaten”.
Doanik izango dira ekintza guztiak baina parte hartzeko, aldez aurretik izena ematea eskatu dute antolatzaileek turismoa@oarsoaldea.eus-era idatzita edo 943 49 45 21 telefonora deituta.
EGITARAUA:
- Azaroak 12, larunbata: Elementu zibilak Doneztebe elizan eta inguruan (Doneztebe plazan, 10:30ean). Elizak ondare material eta inmaterial ugari gordetzen du. Oiartzungoak badu berezitasun bat ordea, herriak eraiki eta bertako jardunean oso esanguratsua izan den espazioa baita. Bizitza zibilarekin lotutako elementu ugari gordetzen ditu eta Joxe Mari Mitxelenaren gidaritzapean guztiak ezagutzeko aukera izango dugu.
- Azaroak 19, larunbata: Lihoa ehunan bihurtuz, Bixen eta Estanis omenduz. Lihoaren prozesuaren erakusketa irekiera (Udaletxeko pleno aretoan, 11:00etan). Lihoa ehungintzan erabili zen lehenengo landare zuntza izan zen. Lihoa lantzeko tresneria eta prozesuaren inguruko erakusketa ikusteko aukera izango da Udaletxeko pleno aretoan. Lihoa zuntza izatetik arropa izatera bihurtzerainoko prozesua zein izaten zen eta erabiltzen ziren tresnak azalduko dituzte herriko Bixen Larzabal eta Estanis Urdanpilletak. Gainera, azaroaren 19tik 27ra tresna hauek ikusgai egongo dira pleno aretoan.
- Azaroaren 19tik 27ra: Lihoaren prozesuaren erakusketa (Udaletxeko pleno aretoan, 10:00-14:00 / 16:00-20:00).
- Azaroak 24, osteguna: Irakasleentzat Oiartzungo ondarearen inguruko tailerra (Udaletxeko pleno aretoan, 17:00etatik 18:30era). Oiartzungo ondarea ikastetxeetan lantzeko gaur egun dauden tresnen inguruko tailerra izango da. Dagoeneko badauden baliabideen aurkezpen laburra egingo dute Ondare Mahaiko kideek, besteak beste, Arizmendienea eta Ondarearen webgunea. Ondoren, Arizmendienea etxea ezagutu eta ikastetxeei historiako zenbait pasarteko lantzeko ematen dizkien baliabideak aurkeztuko dira.
- Azaroak 27, igandea: Plazatik Sutarrera, eskulturartean, paseoan… (Doneztebe plazan, 10:30ean). Antton Mendizabalek Oiartzungo kaskoan dituen eskulturen inguruko ibilaldia gidatuko du. Bakoitzaren esanahia eta kokapenaren zergatiak azalduko ditu Plazan hasi eta hilerriaren ondoan dagoen Sutar eskulturaraino.
Gehigarriak