Oiartzungo Udalak ere deialdiarekin bat egin zuen.
Hamarnaka herritar bildu ziren ostiralean, emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunean Oiartzungo Feministen Asanbladak deitutako elkarretaratzean. Tartean izan ziren Udaleko ordezkariak ere.
Mundu osoan bezala, Euskal Herrian eta Oiartzunen ere indarkeria matxista jasaten jarraitzen dutela salatu zuten. 115 emakume eta 11 hau erail dituzte 2003az geroztik Hego Euskal Herrian. Oiartzunen urtarriletik irailera 25 eraso salatu dira, joan den urtean data berberetan baino lau gehiago. Gogorarazi zutenez, “txanponaren beste aldean, zoritxarrez, datu gordinagoak topatuko genituzke, gertatzen diren erasoen %20 bakarrik salatzen batira”.
Argi-fokoa aldatzeko hautua
“Euskal Herrian gune seguruak, eroso gauden espazioak baditugun arren”, emakumeek eremu horietan ere erasoak jasaten jarraitzen dutela arbuiatu zuten.
Herrian biktimak ditugu baina baita erasotzaileak ere. Horregatik, erasotuak babesteko arduraz gain, argi-fokua beste leku batera begira jarri eta “erasotzaileak gelditzeko, dagokien lekuan jartzeko eta behar denenetan eremutik kanporatzeko ardura ere badugula” adierazi zuten.
Saretzen, autodefentsa feministan sakontzen, boteretzen eta indartzen “tinko” jarraituko dutela berretsi zuten bertaratutakoek, etorkizuna feminista izango dela amesten dutelako.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika