Indarkeria matxistari aurre egiteko, elkarlana

2015ean sortu zuten koordinazio mahaia Udalak eta mugimendu feministak.

Euren erasotzaileengandik babesteko neurri judizialekin bizi dira 24 emakume oiartzuar. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko datuen arabera, 2022ko urtarriletik irailera indarkeria matxistagatik 25 salaketa izan dira herrian. Tarte berean, Oiartzungo Udaleko Ongizate Sailean 13 emakume artatu dituzte. Gainera, ikerketa ezberdinek azaleratzen dutenez, indarkeria egoeren %20-30 bakarrik salatzen dira.

Indarkeria matxista kasuen arreta eta prebentzioa landu eta gertatzen direnean hauei aurre egiteko beharrezkoa da herritar, eragile eta administrazio publiko ezberdinen arteko elkarlana.

Duela 7 urtetik martxan

2015ean jarri zuten abian Oiartzungo Udalak eta herriko mugimendu feministak koordinazio mahaia.

Bertan parte hartzen dute alkateak, alkateordeak, feminismo zinegotziak, gizarte ongizateko zinegotziak, feminismo teknikariak, ongizate zerbitzuko arduradunak, udaltzainburuak eta herriko mugimendu feministako kideek.

Elkarlana eta lanketa integrala

Mahaiaren helburu nagusietako bat, eragileen arteko harremana bultzatzea, lanketa egoki eta integral bat lortzea da: elkarren berri izan, hausnarketak trukatu, bakoitza egiten ari den lanketa zein den azaldu, lehentasunak definitu, elkarrekin ekintza ezberdinak aurrera eraman (Xanistebanetan, besteak beste)…

Urtean egiten diren ohiko bi bileretan lantzen dira gai hauek.

Erasoen aurrean erantzun bateratua

Ohiko bilerez gain, beharrezkoa denean ezohiko bilerak ere egiten ditu koordinazio mahaiak:

Oiartzunen eraso sexista kasuren bat gertatzen denean erantzun bateratua eman behar dela erabakitzen denean edo lanketa berezia behar duen beste gertakari edo arrazoirik baldin badago.

Gertatutakoaz eragile bakoitzak dakiena partekatu eta balorazioa egiten dute. Erasotutako emakumeari edo inguruari elkartasuna adierazi eta Udalak dituen baliabideak eskura jartzen zaizkio, eta emakumeak hala nahi badu, adierazpen publikoa antolatzen dute.

Partaidetzan oinarritutako kudeaketa

Oiartzungo Udalarentzat garrantzitsua da esparru bakoitzean egiten duen lana arlo horretako herriko eragileekin partekatzea, elkarlanerako espazioak zabaltzea eta kohesioa lantzea.

Koordinazio mahai honekin, mugimendu feministaren ekimenei ere bide eman nahi die Udalak, hartu emanean, bakoitzari dagokion arduratik, indarrak batu eta feminismoa oinarri izango duen herria lortzeko.

Gehigarriak

Indarkeria matxistari aurre egiteko, elkarlana