Hepeldupu dipilapa!

Intxixu, Basandre eta Sorginek herria hartuko dute otsailaren 10etik 12ra.

Otsailaren 10ean Kataxulotik jaitsi eta herria hartuko dute Intxixu, Basandre eta Sorgiñek. Hiru egunez Oiartzungo bazter eta txoko guztietan ibiliko dira.

Ostiralean hasiko da festa. 16:45ean Ihoteei deia egiteko burrunba antolatu dute Beheko plazatik. 19:00etan Azeri dantza eta Sorgin dantzarekin egin eta 19:30ean, sua, dantza eta musika lagun, plaza eta Udaletxea hartuko dute Intxixu, Basandre eta Sorginek. Ihote taldeak denok zakuz jantzita ibiltzeko eskatu du.

Larunbatean, Oiartzungo ohitura zaharrari jarraituz, goizean goizetik Kuestazioa egingo dute herriko zortzi auzoetan. Etxez etxe eta baserriz baserri joango dira dantzatu eta etxeetako atariak erraztera. Jasotakoarekin bazkaria egingo dute ondoren, 14:30ak aldera. Ehundaka lagun elkartzen dira azken urteetan Kuestazioan. Aurten muga guztiak gaindituko dituztela aurreikusten dute antolatzaileek, dagoeneko auzo batzuetan ez baitute bazkaltzeko jende gehiagorentzat tokirik. Poxpolin edo aurreskulariz jantzita joan behar dela gogorarazi dute antolatzaileek.

Arratsaldeko 18:00tan herriko plazan elkartuko dira denak eta 19:30etatik aurrera Ihote berbeneroarekin dantzarako giro onik ez da faltako.

Igandean 9:00etan txistularien diana izango da eta 11:00etan karroxa eta kalejira Elizalde auzoan. 12:00etan berriz ihote dantza gidatuak plazan. Arratsaldean emango zaio amaiera hiru eguneko egitarau oparoari. Arratsaldean, 19:00etatik aurrera agurtuko dituzte Intxixu, Basandre eta Sorginak. Kanabera eta auzoetako zapiak hartu eta Kataxulora itzuliko dira datorren urtera arte.

Gehigarriak

Hepeldupu dipilapa!