‘ETAren agiri bulegoa’ antzezlana izango da Landetxen igandean.
Martxan da Landetxe eta asteburuko inaugurazioaren ajea pasata, hasi da Udala herriko eragileekin elkarlanean bertako agenda osatzen.
Gilkitxaro konpainiaren ‘ETAren agiri bulegoa’ antzezlana izango da igandean, hilak 19, 19:00etan. Petral Bilbao ETAren agiri bulegoko langilea da: ETAren zigiluak banatzea da bere eginkizun bortitza. Makal Xiberu bulegora joan da, eginkizun sekretu batekin. Petralek, ordea, arnasa hartzeko denborarik eman gabe, ezustean harrapatuta, Makali ETAren agiria lortzeko probak ezarriko dizkio.
Datorren astean ‘Karpeta urdinak’ dokumentala
Ander Iriarte zuzendari oiartzuarraren ‘Karpeta urdinak’ dokumentala emango dute datorren larunbatean, martxoak 25, 18:00etan. Ondoren solasaldia izango da zuzendariarekin.
Anderrek susmatzen du, beste askok bezala, aitak komisarian jasan zuena tortura izan zela. Bere susmoa argitu nahian, Eusko Jaurlaritzak egindako “1960tik 2014ra bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua” ezagutuko du. Ikerketa honek argitaratzen dituen emaitzekin, proiektuan parte hartu zuten mediku, psikologo, psikiatra eta abokatuen eskutik tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa edo hurbilketa estatistikoa bezalako kontzeptuetan sakonduko du, ipar globaleko torturaren errealitatea ezagutaraziz.
Oiartzungo Udalak diruz lagundu du zinemagilearen proiektua.
Sarrerak webgunean salgai
Antzerkiko sarrerak salgai daude dagoeneko sarrerak.oiartzun.eus helbidean, 8 euroan. Dokumentalekoak datorren astelehenean jarriko dira (hiru euroan).
Gainera, bi kasuetan 60 sarrera gorde dira egunean bertan saltzeko. Ikuskizunak hasi baino ordubete lehenago irekiko da leihatila.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika