Elkar zaintzeko sarea josten hasiko dira

Auzozainak lortzeko aurkezpen irekia antolatu dute astelehenean Zaintzadiko dinamizatzaileek.

Duela urtebete jarri zuen martxan Udalak Zaintzadi proiektua, hautazkoa ez den bakardade egoeran dauden Oiartzungo helduen bizi kalitatea hobetzeko, zaintza sare publiko-komunitarioaren bidez.

Hilabete hauetan herriko diagnostikoa egiteaz gain, bakarrik egon edo sentitzen diren pertsonak detektatu, proiektuaren berri eman eta interesa azaldu dutenen beharrak identifikatu dituzte Zaintzadiko dinamizatzaileek. Herritarren eta eragileen zaintza sarea osatzen hasiko dira orain, eta astelehenean bilera (hilak 17) irekia antolatu dute horretarako, auzozainen funtziona zein den azaldu eta boluntarioak lortzeko. 18:30ean izango da aurkezpena, Landetxeko jubilatuen egoitzako egongelan.

Edonor izan daiteke auzozain

Asko dira auzozainek bete ditzaketen eginkizunak. Bolondres bakoitzaren denboraren edo interesaren araberakoa izango da egingo duten ekarpena.

Auizozainak izango dira hautazkoa ez den bakardade egoeran dauden pertsona hauek komunitatera birkonektatzen lagunduko dutenak, gizarte hezitzaileen jarraipenarekin. Zaintzan eta akonpainamenduan ez ezik, detekziorako ere beharrezkoak izango dira auzozainak; bakarrik sentitu edo egon daitezkeen pertsonei egitasmoaren berri emateko, edo proiektuan parte hartzen duten pertsonen egoeran gorabeheraren baten berri emateko.

Telefono dei bat egin, pasera atera, bakarrik sentitu edo egon daitekeen norbaiti proiektuaren informazioa eskaini… parte hartzeko modu asko egongo dira. Astelehenean azalduko dute nola osatuko duten sarea eta herritar denak gonbidatu dituzte aurkezpenera.

Argazkian (ezkerretik eskubira): Aintzane Iribar Zaintzadiko dinamizatzailea eta Garazi Urdampilleta alkateordea.

Gehigarriak

Elkar zaintzeko sarea josten hasiko dira