Bertako makinak aldatu eta espazioa hobetzeko lanak egin ditu.
Elorsoro kiroldegiko gihartze eta kardio gelak berritu ditu Udalak. Makina berriak eta lur berezia jartzeaz gain paretak ere margotu ditu. Geroz eta oiartzuar gehiagok erabiltzen du ekipamendu hau ariketa fisikoa egiteko. Bizimodu aktiboa eta osasungarria sustatzeko eta kalitatezko zerbitzua emateko modernizatu du kirol gunea.
40 gailu berri jarri dira, gehienak gihartze-gelan. Espazio horretan sektorizatutako hogei makina, geltoki anitzeko bi eta pisu libreko ekipamendua jarri dira. Entrenamendu kardiobaskularreko gelan ere 16 makina aldatu dira.
177.000 euroko inbertsioa egin du Udalak kirol gunea berritzeko. Zerbitzuan ahalik eta gutxien eragiteko abuztuan egin dira lanak eta oraindik makina batzuk falta diren arren (datozen egunetan iritsiko dira ergometroak eta mankuerna gehiago) dagoeneko erabilgarri dago gimnasio berria.
Gailu zaharrak herriko kirol taldeen artean banatu dira, haien entrenamenduetan erabiltzeko.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika