Landetxeko iraileko emanaldietako sarrerak salgai daude

Hiru pelikula, antzerkia eta kontzertua programatu dituzte.

Abuztuko etenaren ondoren martxan da berriz Landetxe Kultur Aretoa. Hiru film eta antzezlan eta kontzertu bana ikusteko aukera izango da hilabete honetan. Dagoeneko salgai daude saio guztietarako sarrerak, sarrerak.oiartzun.eus webgunean edo leihatilan bertan (astelehenero 17:30etik 19:00etara).

EMANALDIAK:

Zinea

  • Irailak 14, 19:30: ‘Gelditasuna ekaitzean’

Sinopsia: Lara Paristik Donostiara itzuli da Telmorekin, bere bikotekidearekin, hirian behin betiko bizitzeko asmoz. Daniel ez da inoiz hiritik atera, orain bere andregaiarekin bizi da, Verarekin, eta amaren higiezin-agentzian egiten du lan. Lararen eta Danielen bizitzak gurutzatu egingo dira salgai den etxebizitza baten bisitaldian, baina agian ez da elkar topatzen duten lehen aldia. Iraganaren eta orainaren artean, Gelditasuna ekaitzean filmak beste garai batean beste bide batzuk hartzeko aukera izan zuten bi pertsonaren maitasun-istorioa aztertzen du.

  • Irailak 21, 19:30: ‘A los libros y a las mujeres canto'

Sinopsia: Emakume bati ia ¨Avioneta¨ izena jarri zioten. Beste batek, liburutegi bat izan zuen bere kotxeko atzeko eserlekuan. Besteak, etxeko liburutegiko apal errebeldeen ondorioz hatz bat hautsi zuen. Zigarrogileek irakurketak entzuten dituzte lanean ari diren bitartean. Plantxagileek poemak gogoratzen dituzte. Horiei guztiei kantatzen diet. Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, emakume armada anonimo batek liburuak zaintzen ditu. Erresistentzia intimo bat da, epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa.

  • Irailak 28, 19:30: ‘Te estoy amando locamente’

Sinopsia: Sevilla, 1977. Reme harro dago bere semea, Miguel, unibertsitatera joango den lehen familiarra delako. Baina Miguelek artista izan nahi du, eta telebistako lehiaketa ezagun batean kantatu. Espainian homosexualitatea delitua den unean, Remek semearen lagun berriak nor diren ere jakingo du. Andaluziako LGTBI mugimenduaren hastapena.

Antzerkia:

  • Irailak 17, 19:00: ‘Hondamendia’

Sinopsia: Zaborra metafora bat da batzuetan. Baina ze metafora da kiratsa darion hau? 2020ko otsaila: zabortegi baten kolapsoak bi langile desagerrarazi ditu azpian. Esan patua izan dela. Esan zoria izan dela. Edo haien senide ttipi eta apala, zorte txarra. Ardura eta erantzukizuna maskaratzeko mozorroak ere izan daitezke, ordea, hondamendiari jarritako hitzok. Batzuentzat ezbeharra dena, istripua da beste batzuentzat.

2020ko martxoa: covida heldu da. Osasun arazo batek bazterrean laga duen irrati-esataria, Zaldibarko zabortegiaren luiziari hitzak ematen saiatuko da. Egia, egitatea, kontakizuna… Baina nola adierazi samina mundua pandemia baten menpe izoztu denean?

Kontzertua:

  • Irailak 22, 20:00: 'Fetén-Fetén' eta lagunak.

Jorge Arribas eta Diego Galaz musikarien proiektua da. 2009 urtean Burgosen sortutako taldea da. Musika fresko, dibertigarri eta oso dantzagarria, mota askotako estiloak nahasten dituena, hala nola fox trota, txotisa, jota, seguidilla, erronda, pasodoblea eta habanera. Musika-bidaia bat, penintsulatik beste lurralde batzuetara eramaten gaituena: Balkanetako oihartzunak, manuoche ezaugarriak, japoniar ebokazioak, kaioen kantuak eta itsasoaren soinua bera.

Gehigarriak

Landetxeko iraileko emanaldietako sarrerak salgai daude