‘Emakumeok Mugimenduan’ APPa aurkeztuko dute Oiartzunen

Irailaren 27an izango da.

Emakumeok Mugimenduan egitasmoa jarri zuen martxan 2021ean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ekimenaren oinarrian dago EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikerlariek 18 eta 64 urte arteko emakumeen aisialdiko jarduera fisikoa eta kirol ohiturak neurtzeko egindako ikerketa. Emaitza esanguratsuak eskaini zituen azterketak: Gipuzkoako 3 emakumetik 1 ez da aktiboa, astean 120 minutu baino gutxiago egiten du kirola eta inaktibotzat dute beren burua.

Errealitate hau aldatu eta emakumeak kirolean ere ahalduntzeko jaio zen Emakumeok Mugimenduan egitasmoa. Emakume orok mugimenduarekin bat egitea du helburu, aktibotasuna bultzatzeko. Programa honen baitan Emakumeok Mugimenduan APPa sortu dute, ariketa fisikoaren eguneroko jarraipena egin eta aukera berriak eskaintzeko.

Aurkezpena eta ekimenak Oiartzunen

Irailaren 27an aurkeztuko dute aplikazioa Oiartzunen. Goiz eta arratsaldez Txita mugikorra ibiliko da herritik eta Doneztebe plazan egongo diren bi dinamizatzailek programaren funtzionamendua zein den azalduko dute.

Gainera, egun horretan bertan emakumeei zuzendutako bi jarduera antolatu ditu Udalak, elkarrekin ariketa fisikoa egitea bultzatzeko. Irekiak izango dira eta ez da aurrez izena eman behar:

  • Abittu Ttipi-Ttapa: 9:30etik 11:30era (Elorsoro kiroldegitik abiatuta)
  • Abittu Emakumeak Korrika: 17:30etik 18:30era (Haurtzaro Ikastolatik abiatuta)

Aukera ugari eskaintzen dituen APPa

Bi helburu nagusi ditu Emakumeok Mugimenduan APPak: batetik, Gipuzkoako emakumeei egunerokoan egiten duten jarduera fisikoa erregistratzeko aukera ematea, haien ohituretan eragiteko eta motibatzeko; eta bestetik, ariketa egiten duten emakumeen sarea eratzea.

Kirolari lotuta emakumeentzat Gipuzkoan antolatzen diren jardueren agenda ere jasotzen du aplikazioak. Antolatutako ekintzetan izena eman, kirol berriak probatu eta jende berria ezagutzeko aukera emango du.

Gehigarriak

‘Emakumeok Mugimenduan’ APPa aurkeztuko dute Oiartzunen