Auzoen arteko desafiyua egin zuten larunbatean Gurutzen.
Txuri-urdina da aurtengo auzoetako festa batzordeen arteko desafiyoko txapela. Iturrioztarrek joan den urtean eskuratutako lehen postua mantentzea lortu bazuen ere, Elizaldekoak fin ibili ziren larunbatean eta urdinek lortutako puntuak berdintzeko gai izan ziren.
Primerako giroa izan zuten larunbatean Gurutzeko frontoian. Eguraldi goibelak ez zituen aurtengo desafioan parte hartu duten 6 auzoetako lagunak kikildu eta 11:00etarako Gurutzekoek prestatutako erronkak gainditzeko pronto zeuden denak.
Sagardo kaxekin dorrea eraiki, izterretan zuten ezkurra edalontzi batean sartu, sokatira, irrintzia bota, aulki-jokoa, paella prestatu… Abilezia handia behar izan zuten proba guztiak egiteko.
Iturriotz eta Elizaldekoak izan ziren trebeenak. Lehiari eta hurrenkerari garrantzia handirik ez diote ematen hala ere parte-hartzaileek, auzoetako festa batzordeen artean harremana sustatu eta elkarrekin giro onean egun polita pasatzeko antolatzen baitute 2009tik desafioa. Bederatzigarrena izan da hau eta aurten ere lortu dute helburua, jolasetan ez ezik bazkarian eta arratsaldean ere ederki pasa baitzuten denek.
Altzibarren egingo dute hurrengo urteko edizioa. Gogotsu hartu zuten arroxek 2024ko desafioa antolatzeko ardura eta larunbatean bertan hasi ziren egingo dituzten probak makinatzen. Sorpresak egongo direla aurreratu zuten.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika