Abiadura Handiko Trenaren proiektua bertan behera uzteko alegazio berriak aurkeztu ditu Udalak.
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuaren aurka alegazio berria aurkeztuko du Udalak. AHTn aditua den ingeniari talde bati enkargatu dion estudio berriak beste behin berretsi du AHTren proiektua zentzugabekeria ekonomikoa eta ekologikoa dela.
EH Bilduko eta EAJ-PNVko hautetsiek aho batez onartu zituzten AHTren aurkako alegazio berriak azaroko udalbatzarrean. Trenaren proiektua bertan behera uzteko eskatu zuten Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatian bideragarritasun juridiko, tekniko eta ekonomiko ezagatik.
20 urtetik gorako ibilbidea
2001ean hasi zuen Espainiako Sustapen Ministerioak (ADIFen bitartez) Abiadura Handiko Trena Oiartzundik pasatzeko prozesua. Proiektuari buruzko estudio informatiboa bidali zuen Udalera eta kontrako txostena idatzi zuen Oiartzungo Udalak.
Urte hauetan zehar proposamen eta estudio informatibo ezberdinak bidali ditu Sustapen Ministerioak Udalera eta alegazioak eta kontrako txosten sendoak prestatu ditu beti Udalak, proiektuaren bideragarritasuna erabat zalantzan jarriz eta trenak eragingo lituzkeen kalte izugarriak azaldu eta proiektua geldiarazten saiatzeko.
2011an Donostiak bidaiarientzako tren geltokia edukitzea aurreikustearekin batera, merkantziak hiriburutik ez pasatzeko bigarren trazadura bat onartu zuten, Oiartzun zeharkatuaz. Hortaz, gaur egun mahai gainean dagoen proiektua merkantziak garraiatzeko trenbidea litzateke. Gure herriari zuzen-zuzenean eragingo lioke trenak: trazaduran dauden enpresa eta etxe batzuk botatzea jasotzen du eta herriaren interes orokorrarekiko, ekonomiarekiko eta ingurumenarekiko erabat desegokia da.
Zentzugabekeria ekonomikoa eta ekologikoa
2020ko udaran aurkeztu zuen Oiartzungo Udalak AHTren aurkako azken alegazioa. Bertan azpiegitura horren aurkako erabateko desadostasuna azaltzen zen:
Proiektua bertan behera utz dezaten eskatzeko txosten berria
2020an aurkeztutako alegazioen erantzuna jaso zuen urrian Udalak. Oiartzungo Udalak ez du inolaz ere ontzat ematen, besteak beste, ez delako benetako erantzunik ematen ezta azterketa sakonagorik aurkezten ere. Esan dena da hurrengo fasean, obretako proiektuak idazterakoan baloratuko direla Udalak aurkeztutako argumentuak.
Gauzak horrela, Oiartzungo Udalak kontrako txosten berri bat prestatu du. Desadostasun arrazoiak berresten ditu, eta gainera gehitzen du gaur egungo trenbidean inbertitzea izan daitekeela aukera bat, ekonomikoki bideragarriagoa delako, lurzoru-baliabideak aurreztuko liratekeelako eta ekonomia- eta ingurumen-arloko ziurgabetasunei aurre egitea saihestuko lukeelako. Izan ere, planteatzen den obra oso konplexua da eta zailtasunak aurreikusten dira. Alegazio berrian eskatzen da ere estimatzeko zein izango liratekeen garraiatuko liratekeen merkantziak eta istripuren bat gertatuz gero zein arrisku izan dezaketen industriaguneetan eta herritarrengan.
Alegazioak aurkezteko azken aukera denez, ingeniari taldeak tokiko interesak aintzat hartuta egindako ibilbide alternatibo bat ere erantsi da, autopistako bidearen ondotik doana. Ibilbide horretan industria ez da kaltetzen, ingurumena gehiago babesten da eta etxebizitzetatik urruntzen da. Horrek erakusten du ADIFen proposamena teknikoki oso ahula dela eta egon daitezkeela kalte txikiagoak eragiten dituzten aukerak.
Herri oso baten borroka
2001etik behin eta berriz adierazi du Oiartzungo herriak eta Udalak ez dugula AHTrik nahi, astakeria honen kontra gaudela.
Alegazio berriak aurkeztu aurretik herritarrekin bilera irekia egin zuen Udalak, txostena azaltzeko. Trenbideak zuzenean kaltetuko lituzkeen bizilagun eta enpresetako arduradunekin ere bildu zen eta erabateko babesa jaso zuen proposamenak. Inguruko hainbat udalek ere babestu dute Oiartzungo Udalak prestatutako helegite berria.
Udaleko bi alderdi politikoak ere aho batez onartu dute AHTren aurkako alegazioa txostena. EH Bilduko eta EAJ-PNVko zinegotziek Abiadura Handiko Trenaren proiektua bertan behera uztea eskatu dute bideragarritasunik ez duelako. Eta egingo badute, udalerriko ekonomiari, ingurumenari eta paisaiari ahalik eta kalte gutxien egiteko trazadura alternatiboak aztertzeko eskatu dute, udala gai izan baita hilabeteko epean askoz kalte txikiagoa eragingo lukeen trazadura berri bat proposatzeko.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika