Atzo aurkeztu zuten udal zerbitzu berria. Martxoan hasiko dira doako hitzorduekin.
Emakumeentzako aholkularitza juridiko zerbitzua jarri du martxan Oiartzungo Udalak, izan ditzaketen gatazka egoerak prebenitu, ahaldundu, babestu eta orientabidea eskaintzeko. Emakumeek dituzten eskubideak ezagutu eta bete daitezen eskura dituzten tresnen inguruko informazioa aurrez aurre, zuzenean, modu pertsonalizatu eta seguruan jasotzeko zerbitzua izango da.
Atzo aurkeztu zuten zerbitzua, Altzibarko eskola zaharretan. Bertan emango dute zerbitzua martxotik aurrera. Hitzorduak telefonoz eskatu behar dira.
Arazoei aurre hartu
Gai zabalak lantzeko aukera emango du zerbitzuak, horrela erabakiak “modu kontzientean” hartzeko. Nora Velez del Burgo Feminismo zinegotziak azaldu duenez, “askotan legeak ez ditugu ezagutzen, baina bizitzan hartzen ditugun ohiko erabakietan eragiten digute. Erabaki horiek arazo iturri izan daitezke gerora eta horregatik garrantzitsua da aurrez informatzea, gatazka egoerak prebenitzeko”. Horretarako jarri du martxan Udalak emakumeentzako doako aholkularitza juridikoa, “erabakiak hartzerakoan dituzten aukera guztiak ezagutzeko eta orientabidea eta babesa emateko”.
Familia eta bikote harremanak, banaketa eta dibortzioak, mantenu pentsioarekin arazoak, lan-kontratuarekin edo baldintzekin zalantzak, kaleratzeak, alargun-pentsioaren inguruko kezkak, indarkeria matxista, zaintzaileen kontratazio betebehar edo eskubideak, atzerritartasuna… Askotariko gaien inguruko informazioa eta laguntza emango zaie emakumeei, babesgabetasun, diskriminazio edo indarkeria egoerei aurre hartu edo erantzuteko berme juridikoa izan dezaten. Arlo hauetan eskarmentua duten eta ikuspegi feminista duten abokatuek eskainiko dute aholkularitza.
Aukera ezberdinak ezagutzeko orientabidea
Emakumeak bizi duen egoeraren fase ezberdinetan jaso ahal izango du laguntza: prozesu judizialaren aurretik, eskubide edo estrategia posibleak ezagutzeko, edo martxan dauden prozesu judizialetan zehar, ondorioak eta eraginak jakiteko.
Kasu zehatza aztertu eta orientazioa eskainiko dute, nondik abiatu edo nora jo aholkatzeko, prozesu judizialen zuzendaritza teknikoarekin jarraitu gabe. Hau da, ez du norberaren abokatu pertsonalaren lana egingo, baina lege gaiak edo prozedura judizialak ulertzeko informazioa eta laguntza emango dute, baita salaketa edo beste pausoren bat eman aurretik zer egin behar duten azaldu ere. Askotan zer egin erabaki aurretik egoera eta aukerak aztertzeko bide emanez. Aholkularitza juridikoaren bidez emakumeen autonomia eta ahalduntzea sustatzea da helburua, erabakiak hartu eta irtenbideak bilatzeko prozesuan parte-hartze aktiboa izan dezaten.
Doako zerbitzua
Martxotik aurrera, hilean behin emango dute zerbitzua, ostegun arratsaldez (16:00etatik 19:00etara), Altzibarko eskola zaharretako beheko solairuan (Agerrealde 7). Ordu beteko txandak izango dira eta Irule abokatu taldeari esleitu zaio zerbitzua. Arreta konfidentziala eta profesionala eskainiko dute. Dohainik izango da, Udalak beregain hartuko baitu kostua.
Otsailaren 22tik aurrera noiznahi hartu daiteke txanda, telefonoz Udalaren Gizarte Zerbitzuetako zenbakira deituta (943 49 05 52). Hitzordua eskatzerakoan, nahi izanez gero, kontsulta zein gairen inguruan izango den labur azaldu daiteke, abokatuak lana aurreratzeko (baina ez da beharrezkoa izango).
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika