Atera argazkia euskarari eta irabazi saria!

Martxan da Euskararen Paparazziak argazki lehiaketaren seigarren edizioa.

Euskararen Paparazziak argazki lehiaketaren seigarren edizioa antolatu du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak. Aurreko edizioetako bideari jarraituz, argazkigintza merkataritzarekin eta ostalaritzarekin lotzen duen lehiaketa martxan da berriz ere Oarsoaldean. Aurtengo edizioa eskualdeko Korrika kulturaleko ekintza izango da.

“Prezio berean, euskaraz!” egitasmoaren barnean antolaturiko argazki lehiaketa da Euskararen Paparazziak. Oiartzungo, Errenteriako, Lezoko eta Pasaiako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko, hizkuntza paisaiak duen garrantzia azpimarratzea du helburu egitasmoak.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, herriko edo eskualdeko saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelako idatziei argazkiak atera, eta e-postaz (euskararenpaparazziak@gmail.com) edo WhatsApp bidez (747 449 416 zenbakira) bidali beharko dituzte.

150 euroko saria

Euskara eta merkataritza/ostalaritza hobekien uztartzen dituzten argazkiak bidali dituztenek irabaziko dute herri bakoitzeko saria. Izan ere, aurten eskualdeko bi sari eman ordez, herri bakoitzean sari bana ematea erabaki dute antolatzaileek. Originaltasuna eta argazkien kalitatea ere baloratuko direla adierazi dute antolatzaileek.

Lehiaketan parte hartzeko ez da ez adin, ez bestelako mugarik izango, gehienez 5 argazki aurkezteko muga baino ez.

Argazkiak otsailaren 20tik martxoaren 18ra bitartean bidali beharko dira eta lehiaketaren lau irabazleek 2024ko martxoaren 25etik apirilaren 30era bitartean Oarsoaldeko saltokietan gastatzeko 150 euroko diru-saria irabaziko dute. Martxoaren 21ean emango dira ezagutzera irabazleen izenak. Informazio gehiago nahi duenak oinarriak eskura ditu www.oarsoarrak.eus web gunean.

Animatu parte hartzera!

Gehigarriak

Atera argazkia euskarari eta irabazi saria!