Hamarnaka herritarrek ezagutu zuten ostiralean Fermiñene.
Herriko ongizatearen teilatupe berria da dagoeneko Fermiñene etxea. Ostiralean ireki zituen ateak eta hamarnaka oiartzuar eta herriko eragileetako hainbat ordezkari hurbildu ziren Kontzejupean egin zuten ekitaldira lehenengo eta eraikina ezagutzera ondoren.
Ongi izatea eta ongi egotea ardatz hartuta, elkarlanaz, zerbitzuez, hauskortasunaz, konfiantzaz, kohesioaz, arrakalez eta sareez aritu ziren. Sare horiek josten jarraitzeko baliatu nahi izan zuten ostiraleko hitzordua. “Gaur hemen bildu gara, udaletxeko ongizate saila Fermiñenera lekualdatu den honetan, ongizatearen garrantzia plazaratzeko. Plazara ekartzeko. Plaza hartzeko. erdigunean jartzeko”. Herritarren ongizatea “komunitate kohesionatu baten funtsa” dela aldarrikatu zuten, eta bide horretan Oiartzunen “ezinbesteko abantaila” dugula, herriko eragileek eta udalak beti izan dutelako herri “bizigarria” eraikitzeko elkarlan “estua”. “Ongizatea ez baita bakarrik gizarte zerbitzuen saila. Ongizatea da lagun batekin Landetxera antzezlan bat ikustera joatea. Etxe ondoko merkatariarekin kontutan aritzea. Mendi buelta egitea. Etxebizitza izatea. Osasuntsu egotea. Bakarrik ez egotea. Bakarrik ez sentitzea”.
Ezkututik plaza erdira
Sare hori ehuntzen jarraitzeko topaleku berria izango da Fermiñene. Zerbitzuaren kokaleku berriak nabarmenki erraztuko du zerbitzua ezagutu eta bertara gerturatzea. “Normalean beti egoten dira udaletxeetako gizarte zerbitzuak toki ezkutuetan, ilunpean. Ongi izatea zailtzen duten leku kaxkarretan. Horregatik aldaketa hau ezinbestekoa da, herri duina eta berdinzalea eraikitzen jarraitzeko. Itzalpetik argitasunera pasa dugu gure herriko ongizate zerbitzua”. Argitara ekarri nahi izan ditu udalak orain arte itzalean geratu diren zerbitzuak eta beharrak.
Sei solairuko eraikina
Oiartzuar denek bizimodu duina izateko bideratzen den aurrekontua eta egitasmo kopurua handitzen joan da Udala azken urteetan. Aurrekontuaz gain, baliabideak indartu ditu orain. Zerbitzu hobea eskaintzeko toki gehiago eta egokiagoa eskainiko du, orain eta etorkizunean sor daitezkeen beharrei erantzuteko.
Bertan kokatuko da orain ongizate saileko lan-talde guztia (bi eremutan banatuta ematen zuten orain arte zerbitzua). 20 profesionalek osatzen dute taldea, administrari, gizarte langile eta etxez etxeko langileez osatua.
Sei solairu ditu etxeak: harrera (0 solairua); egongela eta terraza (-1); komunak (-2); etxez etxeko zerbitzua (0+); Zaintzadi eta Familia Eskuhartze zerbitzukoetako bulegoak eta bilera gela (1); eta gizarte langileen bulegoak (2).
Koordinazioa handitzeko eta elkarlanerako aukera gehiago eskainiko ditu eraikin berriak.
Ostiraleko ekitaldia laburtzen duen bideoa egin dute. Ikusi hemen.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika