Arragua biziberritzera goaz. Zatoz gurekin.

Auzotarren neurrira sortutako espazioak lantzeko parte-hartze prozesua egingo du Udalak.  

Oiartzuarrok gure burua aurkeztean, izenarekin batera esaten dugu zein auzotakoak garen. Oiartzuarrak gara, bai, eta aldi berean gure auzoa zein den argi uztea gustatzen zaigu. Auzo bakoitzak du bere nortasuna, bere izaera propioa. Berezia, bakarra. Harrotasunez erabiltzen dugu gure auzoko kolorea. Kolektibo baten parte sentiarazten gaitu gure koloreak, gure auzoak.

Arraguak ere badu bere nortasuna. Eta orain, Altzibarren egin zen bezala,  Arragua biziberritzeko unea da. Arragua bizia, erosoa, irisgarria, koloretsua, herriari lotua, auzotarren beharretara egina. Azpiegitura berriekin, elkarbizitza eta zaintza erraztuko dituen kalitatezko espazio publikoekin. Etxe gehiago eta aisialdirako gune eta plaza berriak gehituko zaizkio oraingo auzoari, beti izan duen izaera eta nortasuna indartzeko.

Gaur egun Arraguan bizi diren auzotarren eta bizitzera bertara etorriko diren oiartzuar gazteen eta familien bizi-kalitatea jarri du Udalak erdigunean:

  • Auzoko kale-bizitza sendotu eta zerbitzu berriak ekarriko dituen hazkundea.
  • Oiartzuar gazteen etxebizitza beharrei egokitutako etxebizitza babestua sustatuz. Etxebizitzen erdia baino gehiago izango da babestua.
  • Auzoa konektatuz: oinez, bizikletaz, autobusez eta trenez.
  • Eremu natural anitzak sortuaz, haurren gozamenerako eta helduen mugimendurako.

390 etxebizitza inguru, erdiak baino gehiago babestuak

2006 urtean, etxebizitza-merkatuaren beroaldi betean Arraguarako zehaztutako hazkundea gehiegizkoa izan zela iritzita, hainbat urrats eman ditu Udalak urte hauetan guztietan garapen berria auzoaren neurrira eta beharretara egokitzeko. 600 etxebizitzatik gora aurreikusi ziren. Urte hauetan guztietan egin den lanketari esker, %43 murriztu da eraikigarritasuna.

390 etxebizitza inguru egingo dira. Erdia baino gehiago babestuak izango dira, lehentasunez oiartzuarrentzat. Hiru logelakoak, bikoak eta bakarrekoak izango dira, herritarren behar ezberdinak asetzeko.

Gaur egun etxebizitza erosteko herritarrek finantzazio mugekin egiten dute topo eta, ondorioz, ezinbestean bada ere, alokairua da emantzipaziorako eta bizitza proiektuak garatzeko aukera erreala. Horiek horrela, babes ofizialeko etxebizitza gehienak babestutako alokairura bideratutako dira.

Ekipamendu eta auzo-bizitza gehiago

Etxeetako atariak (3.000 m2) mota guztietako lokaletarako erreserbatuko dira: denda, taberna, udal zerbitzuak, auzo lokala… Auzoan oinezkoen mugimenduak sortu, bizia eman eta segurtasun sentsazioa areagotzeko.

Kanpo espazio berriak, berriz, elkartzeko plaza eta aisialdirako berdegune zabalez josiko dira. Ekipamenduetarako beste 8.200 m2 ere aurreikusi dira.

Eremu horien guztien erabilera auzotarrekin eta gainontzeko oiartzuarrekin zehaztu nahi du Udalak, auzo bizigarria eta erakargarria egiteko, guztion neurri eta beharretara egokitua.

Ezagutu eta parte hartu

Ze zerbitzu behar ditu Arraguak? Nolako berdeguneak, plazak, jolas-eremuak, zelaiak eta basoak nahi ditugu? Nola sustatuko dugu auzo bizitza? Orain arteko prozesuaren berri eman eta ekipamenduetarako eta aisialdirako gorde diren espazio publikoak herritarrekin lantzeko parte-hartze prozesua prestatu du Udalak.

Saioak Arraguan bertan (frontoi ondoko lokalean) eta Elizalden (udaletxeko pleno aretoan) egingo dira.

  • Apirilaren 17an (Arraguan) eta 18an (Elizalden) 2006ko proiektu hartatik abiatuta gaur egungo proiektua aurkeztu eta etorkizuna irudikatzen hasteko.
  • Apirilaren 24ean (Arraguan) eta 25ean (Elizalden), espazio berde eta plazen nolakotasuna, eta auzoak behar dituen zerbitzuak lantzeko.

Arraguan eta Elizalden egingo diren ariketak berdinak izango dira. Udalak herritar guztiei eman nahi die auzoa biziberritzeko proposamenak egiteko aukera. Saio guztiak 18:30ean izango dira eta zuzeneko itzulpen zerbitzua egongo da.

Gehigarriak

Arragua biziberritzera goaz. Zatoz gurekin.