Larunbatean irekiko dute udako igerilekua
Dena prest du Udalak larunbatean udako igerilekua zabaltzeko. Hiru hilabetez egongo da irekita, ekainaren 15etik irailaren 15era (biak barne). Abuztuaren 3an izan ezik, egunero emango du zerbitzua, eguzki izpiez gozatu eta udako beroaldiak freskatzeko. 17.000 erabiltzaile izan zituen iaz.
Ekaina, abuztua eta irailean 11:00etatik 20:00etara hartu ahal izango da bainua. Uztailean ordutegi zabalagoa izango du, 10:00etatik 21:00etara.
Bertako belarra mozteko zerbitzua indartu du aurten Udalak, etzanda lasai eta eroso egoteko. Astero ebakiko dute.
Denboraldiko bonua ateratzeko aukera
Elorsoro kiroldegiko bazkideek ez dute sarrerarik ordaindu beharko, urteko kuotan jasota baitago udako igerilekuko zerbitzua. Gainerakoek, denboraldiko txartela ateratzeko edota eguneko sarrera erosteko aukera izango dute.
Hauek dira denboraldiko bonuaren prezioak: familiakoa 138,21 € (gurasobakarreko familiek edo familia ugariek 96,75 €); helduen banakakoa 103,68 € eta gazteen banakakoa 69,16 €.
Egunekoaren prezioa 4,49 € izango da 16 urtetik beherakoentzat (5 urtez beheitikoak doan izango dute) eta 8,87 € 16 urte edo gehiago dituztenentzat. Ohi bezala, sarrerak bosnaka erosteko aukera izango da aurten ere: 17,80 €an gazteenak eta 35,34 €an helduenak.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika