‘Uda plazan’, euskararekiko lotura estutzen jarraitzeko

Udako oporrak lagunekin eta euskaraz gozatzen ari dira herrira etorri berri diren sei gazte.

Oiartzunera etorri berri diren gazteentzat ‘Uda plazan’ egitasmo berria jarri du martxan Oiartzungo Udalak. Euskararekiko duten lotura ez etetea du helburu, eta herriarekin zein herritarrekiko harremana estutzea.

Uztailaren 1ean hasi ziren elkartzen eta hiru astez jarduera ezberdinak egingo dituzte, guztiak euskaraz. Eskalada, bizikleta, tailerrak, zinema, igerilekua, irratia, paddle, herritarrekin egon… Begirale baten laguntzarekin, Oiartzunek eskaintzen duen aisialdiaz gozatzen ari dira herrira aurten eta iaz etorritako sei gaztetxo.

Ikasturteko lanketari jarraipena

Duela hogei urte hasi zen Udala atzerritik etorritako haurrei ikastetxeetan euskara ikasteko errefortzua ematen. Udako oporretan, baina, aparteko eskola hauek eten egiten dira eta haur eta gazte batzuk gure hizkuntzarekin lotura gutxi izaten dute. Hori dela eta, ikasturtean zehar lortutakoa galdu egiten dituzte maiz, eta ia zerotik hasi behar izaten dute berriz irailean.

Udalarentzat lehentasunezkoa da oporretan ere haur eta gaztetxo hauek euskararekiko duten lotura estutzen jarraitzea. HH eta LHko haurrek udalekuetan lantzen segi dezakete euskara. Uda Plazan egitasmo berriarekin, DBHko gaztetxoek ere gure hizkuntzan eta kulturan murgiltzen jarraitzeko beta izango dute aurrerantzean.

Gehigarriak

‘Uda plazan’, euskararekiko lotura estutzen jarraitzeko