Lanbarren industrialdeko Arañaburu errepidea berrituko dute

Abuztuan zehar egingo dituzte lanak, bertako enpresen jardueran ahalik eta eragin gutxien sortzeko.

Oiartzungo poligono garrantzitsuenetarikoa da Lanbarren. Hiru eremu ditu: Elbarrena, Arkotz eta Arañaburu. Azken honetako jarduera nagusia logistika da eta garraio enpresa handiak daude bertan. Trailer eta ibilgailu handien joan-etorria etengabea izaten da, eta trafiko intentsiboaren ondorioz zoladuran kalte handiak sortu ohi dira. Azken urteetan konponketa lan ezberdinak egin ditu Udalak, zoladura eta kutxeten tapak berritu eta kamioien pisura egokitzeko.

Arañaburu kaleko 1 eta 3 zenbakien arteko zatia da orain eraberrituko dutena. Egungo 15 zentimetroko zoladura kenduko dute, 35 cm hondeatu eta 10cm-ko zahorrazko geruza eta gainean 25cm-ko hormigoizko zolata jartzeko. Kutxeta inguruak konpondu eta errepide zatia pintatuko dute. 136.000 €ko aurrekontua du eraberritze proiektuak. Lau astez luzatuko dira lanak eta abuztuan egingo dituzte, bertako trafikoan eta enpresen jardunean ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko.

Trafikoan eta aparkalekuetan aldaketak

Eremu honetako trafikoan zenbait aldaketa egongo direla iragarri dute, uztailaren 29ean hasi eta obrak iraun bitartean.

Poligonoko trafikoak norabide bakarra du, sarrerako biribilgunetik sartu, eraztun guztiari buelta eman eta berriro biribilgunetik irteera duena. Obrak egiteko, poligono sarrerako biribilgunean, egungo eraztuneko sarrera itxi egingo da, bi norabideetako trafikoa jaitsierako noranzkotik bideratuz. Gainera, uztailaren 29tik aurrera Arañaburu 1etik 4ra bitarteko aparkalekuak kendu beharko dituzte, lanak bukatu arte.

Gehigarriak

Lanbarren industrialdeko Arañaburu errepidea berrituko dute