Oiartzun 2024 urtekaria aurkeztu dute

11 establezimendutan dago salgai herriko ondarea jasotzen duen liburuxka.

Herriko ondarea eta albisteak jasotzen dituen Oiartzun 2024 liburua aurkeztu du Urtekari Batzordeak. Josune Cousillas, Joxan Eizmendi, Haizea Saez de Eguilaz, Jaione Ugaldebere eta Garazi Urdampilleta arduratu dira 54. alea duen urtekariaren koordinazioaz, eta herriko beste 53 idazleren ezinbesteko laguntza izan dute.

Gogotsu aritu dira urtebetean bailaran aipagarri izan diren oiartzuarrak, taldeak, ekimenak eta urteurrenak biltzeko. Mimo handiz idatzi dituzte urtekariaren 200 orrialdeak. 9 ataletan banatu dituzte: elkarrizketa, historia, seme-alabak, kultura, kirola, irakaskuntza, herriko eragileak, albiste aipagarriak eta argazki zaharrak.

Aurtengo elkarrizketa nagusia Miren Agiriano Ugartemendiari egin dio Izaskun Madariagak. Emakume langilea, borrokalaria, eskuetan duena errazki banatzen duena, ama aparta eta batez ere, “txikien”, zanpatuen, ezinduen sufrimendua bere egiten duena. Beste hainbat herritar ere eraman dituzte orrietara. Oiartzungo kultura eta kirol arloak oparoak direla ezin uka, eta horien lekuko dira jasotako lan aski interesgarriak.

11 salmenta puntutan eskuratu daiteke

Hamaika salmenta gune hauetan erosi daiteke urtekaria, 4 euroan:

Berezi janari-denda (Altzibar); Pikoketa estankoa (Arragua); Garmendi txokolategia, Garmendia okindegia, Urrats paperdenda eta Zapirain estankoa (Elizalde); Ibarreko gasolindegia eta Martin harategia (Iturriotz); eta, Intxixu jatetxea eta Mamuteko liburudenda (Ugaldetxo).

Argazkian, Urtekari Batzordeko kideak

Gehigarriak

Oiartzun 2024 urtekaria aurkeztu dute