Elorsoroko prezio murriztuak eskatzeko epea ere irekita dago.
2025 urterako Elorsoro kiroldegiko prezioak zehaztu ditu Udalak. Erabiltzaileen adinaren edo errenta mailaren arabera kuota ezberdinak finkatu ditu, eta bada oiartzuar askok eskertuko duten hobekuntza nabarmen bat. Izan ere, 65 urte edo gehiago duten bazkideentzat abonu mota berri bat sortu dute, ohiko kuota baino ia %40 merkeago. Hilean 15,14 € ordaindu beharko dute (helduen 24,60 euroko ohiko kuota ordaindu beharrean).
Olaia Lasa Ongizate zinegotziak adierazi duenez, jubilatuek ariketa fisikoa egitea sustatzeko sortu dute abonu berria, zahartze aktiborako eta ongizaterako “ezinbestekoa” baita. “Bidegorri sare zabala eta mendiz inguratutako herria dugun arren, eguraldia ez dugu beti lagun izaten. Gainera, zahartze osasuntsurako garrantzitsuak diren beste zenbait ariketa egiteko aukera ere eskaintzen ditu kiroldegiak: indarra landu eta muskulatura garatzeko giharketa gela edo igerilekua, besteak beste”. Elorsoro “harreman sareak indartzeko” topagunea ere badela gaineratu du, eta jubilatuek zerbitzua gehiago erabiltzea bultzatu nahi dutela. Dagoeneko bazkide direnei prezio berria “zuzenean” aplikatuko zaiela azaldu du Lasak, “ez dute eskaerarik egin behar, 2025eko urtarrileko kuotan ikusiko dute gutxiago kobratu zaiela”.
Jubilatuez gain, orain arte bezala, familiek, familia ugariek, guraso bakarreko familiek eta gazteek ere merkeagoa izango dute kiroldegia. Abonu mota hauek zehaztu dituzte (eskera berezirik egin gabe aplikatuko dira):
Diru-sarrera gutxi edo ezgaitasuna duten bazkideek prezio murriztua eskatu dezakete
Abonu mota orokor horiez gain, ezgaitasuna duten edo egoera ekonomiko zailean dauden bazkideek hobari gehigarriak izango dituzte prezioan. Kuota berezi eta murriztu hauetarako eskaera aurkeztu beharko da, eta dagoeneko irekita dago 2025ekoak eskatzeko epea. Udalean egin behar da (kiroldegian ez), azaroaren 10a bitarte, online edo udaletxeko sarreran. 2025eko abonuei dagokien laguntza den arren, eskaera egiteko azken eguna 2024ko azaroaren 10a dela azpimarratu dute.
Errenta maila baxua duten bazkideek prezio orokorren gainean %40ko hobaria izango dute (Udalaren webguneko Iragarki Taulak ataleko Dirulaguntzak sailean ikus daitezke bizikidetza unitate bakoitzerako zehaztutako mugak).
Ezgaitasuna duten bazkideek doan izango dute kuota. Hauek ere eskaera aurkeztu behar dute, eta ezgaitasun iraunkorra duten bazkideentzat hobekuntza bat ere gehitu dute: 2025erako eskaeran hala baimentzen badute, aurrerantzean udalak ofizioz onartuko die doako kuota, urtero eskaera berriz aurkezten ibili beharrik gabe.
Argazkian, Olaia Lasai Ongizate zinegotzia, herriko hainbat jubilaturekin kiroldegian.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika