Markelen familiak eskertu egin du Oiartzungo herriak eskaini dien babesa

Jai Batzordearen erabakiz, aurten ez da Gurutzeko festarik ospatuko.

Asteburu honetan eta hurrengoan ziren ospatzekoak Gurutze auzoko festak (Markel Gurutzekoa zen). Herri osoaren eta, batez ere, auzotarren saminarekin bat eginez jai batzordeak festak bertan behera uztea erabaki du. Markel Galdos Cardeñoso antolaketa lanetan buru-belarri zebilen, auzoko gazte inplikatua zen.

Galdos sendia: “oso babestuak eta zainduak sentitu gara”

Galdos sendiak, gorpua ekartzeko tramiteak amaituta, Oiartzungo herriaren eta herritarren partetik jaso duten babesa eta goxotasuna eskertu nahi izan dituzte. “Albistea zabaldu bezain laster atsekabea herri osoan hedatu zela jakitun gara eta, herritar eta lagun ugari hurbildu zaigu. Bihotzez eskertu nahi dugu herritarrek emandako maitasuna.”

Bestetik, eskertu dute, oro har, hedabideek beraien intimitatea errespetatu izana.

Gorpua Oiartzungo beilatoki publikora asteazkenean iristea aurreikusten da eta printzipioz ostegunean egingo diote agurra hurbilekoek eta kide zen elkarteetako lagunek. Herriak eta hurbilekoek egingo dioten agurra izanik, udalak eta familiak eskatzen dugu une hori goxoa izan dadin dagokion intimitatea errespetatzeko. Azkenik, beilatokian sor daitezkeen trafiko gorabeherak ekiditeko, hurbildu nahi dutenei, ahal den neurrian, oinez gerturatzeko eskatzen zaie.

Gehigarriak

Markelen familiak eskertu egin du Oiartzungo herriak eskaini dien babesa