Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Atzoko azaroko ohiko udalbatzarrean 2023ko aurrekontuari hasierako onarpena eman zitzaion, EH Bilduren aldeko bozkekin. 18.757.166,98 eurokoa izango da, 2022 urtean baino %1,8 gehiago.
Jon del Olmo ogasun zinegotziak lerro garrantzitsuenak aipatu zituen: energia trantsizioa gauzatzeko ekintzak, zaintza eta administrazioaren digitalizazioa. Zati handi batean, “aurtengo aurrekontua, aurreko urteetan egin diren inbertsio horietan ekintzak martxan jartzeko” bideratuko dela azaldu zuen, Landetxen egiten ari diren eraikineko kultur eskaintza sustatzeko eta jubilatuen egoitza berriko zerbitzua emateko, besteak beste. Kulturak hartuko duen protagonismoarekin batera, “ongizatea, feminismoa eta euskara indartzen” jarraituko dutela gaineratu zuen.
Aurrekontua egiteko jarraitu duten prozedura ere azaldu zuen. “Iraila hasieran udal sailetako proposamenak jaso eta lehen zirriborroa ogasun batzordera eta auzo batzarretara” eraman zutela adierazi du. “Auzoetan egindako bileretan 137 pertsonek hartu dute parte eta bertatik bildutako proposamenekin eta beste zenbait ekarpenekin aberastu dugu aurrekontua”.
EAJ abstenitu egin zen. Janire Mitxelena bozeramaileak adierazi zuenez, “proposamenarekin zalantzak izan ditugu. Egitasmo batzuekin ados bagaude ere, beste zenbaitekin ez: 2022rako egin genuen pobreziaren ikerketaren proposamena ezerezean gelditu da eta tasa eta zergen igoerarekin ere ez gaude ados”. Hala ere, legealdia ezezko batekin ez dutela amaitu nahi esan zuen, urte hauetan “adostasuna izan delako nagusi”.
Aurrekontua jendaurrean jarriko da hamabost egunez eta erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz onartutzat emango da.
Euskararen Egunaren harira mozioak
Abenduaren 3an Euskararen Eguna izango da eta hori dela eta bi mozio izan zituzten hizketagai. EAJk aurkeztu zuen lehena. Honen arabera, “autogobernuaren eskutik” egin du euskarak milaka urteko bere historian ezagutu duen aurrerabiderik sendoena. Zentzu honetan, duela 40 urte onartutako Euskararen Legea balioan jarri zuen. “Asko zor dio” euskarak adostasunari, adostasuna baitu euskararen etorkizunak “giltzarri”.
EH Bildu abstenitu egin zen. Josu Delgado Hizkuntz normalizaziorako zinegotziak adierazi zuenez, “adostasuna aipatzen da baina ez zaigu testuan gure ikuspegia txertatzeko aukerarik eman”. Delgadok esan zuenez, euskararen normalizazioan urrats garrantzitsuak egin diren arren, erabilera datuen datuek adierazten dutenez, gaur egun egoera “zaila” du euskarak eta “ez dugu ezkortasunez jokatu behar, baina ezta autokonplazentziaz ere”. Bidea elkarrekin egiteko deia egin zuen, “euskarak merezi duelako”.
UEMAren mozio bat aurkeztu zuen EH Bilduk. Testuak aipatzen zuenez, ezagutza sendotzen ari da. Euskarari “hauspoa eta arnasa” ematen diote udalerri euskaldunek eta euskararen biziberritzean eta transmisioan “berebiziko garrantzia dute”. Hizkuntzaren osasuna, ordea, erabilerak erakusten du eta hor “erronka handiak” ditugu. Erakunde publikooi “eredu izatea dagokigu” eta herritarrei euskaraz bizitzeko bideak eskaintzeko eta errazteko “erabaki ausartak” hartzea. Aho batez onartu zen testua.
Kiroldegiari 289.486,81 euro gehiago
Covid-19ak eta elektrizitatearen garestitzean eragin zuzena izan du kirol instalakuntzen egoera ekonomikoan, kiroldegiarenean bereziki. Zerbitzu hauen kontratuaren oreka ekonomikoa berrezartzeko eta eragindako galerak ordaintzeko BPXport enpresak 289.486,81 euroko konpentsazio gehigarria jasotzeko duen eskubidea onartu zen aho batez; 140.729,70 € 2020 eta 2021 urteetako gastuen igoeragatik eta 148.757,11 € 2022ko lehen sei hilabeteetakoengatik.
Oarsoaldea Garapen Agentziari 2022ko 3. hiruhilekoagatik 89.654,54 € ordaintzea ere adostu zuten.
Azaroko protokolo gastuak 1747,51 € izan dira, web orri, inprenta eta diseinuetan eta bazkari eta luntxetan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika