Herriko natura eta ondareaz gozatzeko asteburu aproposa

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Oiartzungo eta inguruko ondarea ezagutu eta bertako naturaz gozatzeko planak egiteko aukera izango da urriaren 7 eta 8an.

Artikutzako Trenaren testigu da Planoburu ingurua. Artikutzako Elamako minetan hasi eta Lezo-Errenteriako geltokiraino ferrokarril harrigarria eraiki zuten, 1905 eta 1918 artean. 28,5 kilometroko luzera eta desnibelak gainditzeko oso azpiegitura bereziak zituen; Planoburuko plano hidraulikoa adibidez.

“Artikutzako Trenaren Lagunak” boluntarioa taldea Planoburuko eremua zaindu eta osatzen dabil auzolanean. Trenaren eta inguruaren historia kontatu eta ingurua ezagutzeko txangoa antolatu dute larunbatean. 9:30ean abiatuko da, Eskaseko aparkalekutik eta bertan amaituko dute ibilaldia, 13:30ean. Aldaparik gabeko bidea izango da. Doan da baina aldez aurretik izena eman beharko da (artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatzita edo 679 612 016 telefonora deituta).

Igandean orientazio jolasa Arditurrin

Igandean ‘Iparra galdu gabe’ orientazio jolasa antolatu dute Arditurriko parketxean. Familian edo lagun artean goiz dibertigarria pasatzeko plan ezin hobea izango da. Aiako Harria Natura-Parkean barna ibilbide paregabe egin eta inguruan froga desberdinak bilatu beharko dituzte “Iparra galdu gabe” ibiltzeko,  Arditurri parketxetik abiatuta.

10:30etik 12:10era, 20 minuturo antolatu dituzte txandak. 3 €ko prezioa du haurrentzat eta 5 € helduentzat. Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi duenak bide hauek erabili ditzake: arditurri@gipuzkoanatura.eus - 943 49 50 69 - 688 89 50 68.

Gehigarriak

Herriko natura eta ondareaz gozatzeko asteburu aproposa