Oiartzungo ikasleak alkatearekin bildu dira

Eskola Agenda 21n elikadura eta hondakinen gaiak lantzen ari dira

Atzo, Elizalde Herri Eskolako, Elizalde Insitutuko eta Haurtzaro Ikastolako ikasle ordezkariak udal ordezkariekin elkartu ziren Eskolako Agenda 21en udal foroan, udalbatza aretoan. Parte-hartze saio honen helburuak hauek izan ziren:

- Joan den ikasturtearen bukaeran ikastetxeek Udalari zuzendutako elikadura iraunkorrari lotuttako eskaeran erantzunak jasotzea.

- 2015-2016 ikasturte hasi zenetik hona Oiartzungo ikastetxeek elikadura nahiz hondakinen gaian egindakoa aurkeztea.

Udalak elikadura iraunkorraren gaian aurrerantzean garatuko dituen ekintzei lotuta, Jexux Leonet alkateak, besteak beste, honakoak aipatu zituen: kirol-instalazioetan elikadura osasungarriari buruzko gomendioak herritarren eskura jartzeko bideak irekitzea; Lurbizi izeneko proiektua martxan jartzea (herrian bertan laborantza-produktuak ekoitzi eta kontsumitzeko); udalaren webgunean bertako eta garaian garaiko produktuei buruzko atal bat sortzea; udal eraikinetako vending makinak hornitzen dituzten enpresekin makina horietan produktu osasungarriak barneratzeko aukerak aztertzea; eta Udalak bultzatu edo babestutako herriko ekitaldietan herrian bertan edo gertu ekoitzitako produktuak erabiltzea.

Bide batez, ikasleek udal ordezkariei jakinarazi diete aurki hondakinen eta elikaduraren inguruko herri mailako diagnostikoa partekatzeko kale-ikerketak egingo dituztela, gai horietan sakontzeko ekintzak garatzen jarraituko dute (tailerrak, irteerak...) eta maiatzaren 17an ikastetxeen arteko foroa antolatuko dutela, maiatzaren 20an izango den Udala eta ikastetxeen arteko foroan aurketzuko diren ondorioak, konpromisoak eta eskaerak egoki prestatzeko.

Gehigarriak

Oiartzungo ikasleak alkatearekin bildu dira