Eskualdearen etorkizunean auzolana herritarren eta elkarteen partaidetza tresna izateko ekimena
Oarsoaldeako IN-FUSIOAK eskualdeak auzolanaren inguruko hausnarketa eta sorkutza kolektiborako Oarsoaldea Garapen Agentziak martxan jarri duen prozesua da. Foru Aldundiko partaidetzazko aurrekontuen dinamiketan jaiotako ideia da eta egungo elkarte sozialen elkarlanean aritzeko eta herritarren ardura kolektiboa suspertzeko azaldutako asmoari forma eman nahi dio.
Auzolana gure kulturaren ekiteko, antolatzeko eta autoeratzeko espresio nagusia da, antzinako garaietatik herri partaidetzarekin lotutakoa. Horrela, IN-FUSIOekin herritarrek eta bereziki gazteek, gizartearen onurarako egiten dituzten ekintzak ikusgarri egin nahi ditugu.
Gure eskualdean baditugu zenbait elkarte, pertsona eta eragile oro har, gizartea hobetzearren lanean diardutenak beraien jakintza, esfortzua eta denbora guztion onurarako jarriaz. Eragile bakoitza egoerak edo kontzientziak azaldutako esparruan aritzen da, eta batzutan osagarri izango zaizkion inguruko pertsonak eta eragileak ezagutu gabe. Oarsoaldeako Garapen Agentziatik ekintza aberasgarri horiek merezi duten oihartzuna eta ikusgarritasuna eman nahi diegu eragileen arteko harremanak eraikitzeko, elkarlanean aritzeko esparruak sortzeko eta herritarren eta bereziki gazteen parte-hartzea erraztuko duten guneak sortzeko.
Horregatik apiriletik ekainera bitartean Oarsoaldean prestatzen ari garen topaketara gonbidatu nahi zaituztegu, auzolanaren inguruan solasean eta sorkuntzan arituko gara eskualdeko pertsona desberdinen esperientzia eta ikaskuntzak entzun eta partekatuz. IN-FUSIOAK izena jarri diogu AUZOLANAren oinarri den pertsonen arteko elkarlana, gaitasun sortzaile, amets, desio, gogo eta beharren fusioa adierazteko. Guztion artean, proposatuko dizkiguten ekintzen laguntzarekin, Oarsoaldean auzolan kultura sustatzeko modu eta baliabideetan pentsatuko dugu.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika