Espainiako banderaren sententzia betetzen dela ebatzi du epaitegiak

Auzi honen inguruan azken urteetan Oiartzunek "jarrraipen obsesiboa" pairatu du

Atzo, apirileko ohiko udalbatzarra izan zen. Bertan jakinarazi zen Espainiako administrazio orokorrak Oiartzungo Udalaren kontra jarritako apelazio-errekurtsoa ez dela onartu. Iazko azaroan Espainiako administrazio orokorrak helegitea jarri zuen Oiartzungo Udalaren kontra, 2012an udaletxean Espainiako bandera jartzera derrigortu zuen sententzia ez zela betetzen esanez. Abenduan, Donostiako Auzitegiak betetzen zela ebatzi zuen eta Estatuko abokatuak apelazio-errekurtsora jo zuen. Orain jakin da ez zaiola onartu eta gastuak ordaindu beharko dituela.

Jexux Leonet alkateak auzi honen inguruan adierazi zuenez, "azken urteetan jarraipen obsesiboa pairatu dugu: errekurtsoak auzitegietan, Guardia Zibila argazkiak egiten noiznahi... Ez da gure bandera, derrigortutakoa da, baina jazarpen etengabea pairatu dugula argi utzi nahi nuke".

Altzibar-Karrika bidegorria eta Ugaldetxoko pasabidea

Xorrolaren kontratua urtebeterako lutzatea onartu zen atzo, ahobatez. Ugaldetxo, auzogunea eta bidegorria lotzeko pasabidea egin ahal izateko lurzorua okupatzeko tramitazioa hastea ere onartu zen. Leonetek adierazi zuenez, "formula honekin kontratazioa hasteko aukera izango dugu, proiektua dagoeneko idatzita dago eta".

Altzibar eta Karrika artean bidegorria egiteko Udalak eta Aldundiak sinatu duten hitzarmenaren berri ere eman zen. Bi erakundeen artean finantzatuko dituzte lanak. Proiektua idazten hasiko da orain Udala eta aurten gauzatzea da helburua, Leonetek azaldu zuenez. Karrikan bidegorria izango denaren inguruan jabetzak dituzten lagun batzuek proiektua egiterakoan beraiekin hitz egiteko eskatu zuten. Alkateak ez dela hitz egiteko arazorik egongo adierazi zien.

San Markoseko aurrekontuen baliogabetzeen berri eman da

2018ko lehenengo hiruhilabeteko aurrekontuaren exekuzioaren berri ere eman zen. Gai honekin lotuta, legeak berri-ematearen maiztasuna zehaztera behartzen dituenez udalak, orain arte bezala hiruhilero berri ematen jarraitzea erabaki zuen Oiartzungo udalbatzarrak, ahobatez.

Apirileko protokolo gastua 125 € izan da lore eta eskelatan. Era berean, aurrerantzean udalbatzarretan kontratu txikien berri ez dela emango jakinarazi zuen udal idazkariak eta guztiak www.oiartzun.eus-en argitaratuko direla, legeak exijitzen duen bezala.

Eskari-galderen atalean, Eneritz Arbelaitz alkateordeak Euskadiko Auzitegi Nagusiak San Markos Mankomunitateko 2016ko aurrekontuak baliogabetzen dituen sententziaren berri eman zuen. "Hernani, Usurbil eta Oiartzungo udalon aldekoa izan da. Ekarpenak erabiltzen diren zerbitzuen arabera kalkulatzeko eskatzen dugu".

Azalpen gehiago eman zituen: "Momentu honetan 2014ko aurrekontuak baliogabetu zituen sententzia exekutatzeko kalkuluak egiten ari da San Markos. Eskuartean dugunean aztertuko dugu".