Udalak bat egin du Sortzetiko Kardiopatien Nazioarteko Egunarekin

Puxika gorriak jarri ditu udaletxeko balkoian.

Otsailaren 14an ‘Sortzetiko Kardiopatien Nazioarteko Eguna’ ospatzen da.

Sortzetiko kardiopatiak bihotzeko malformazioak dira. Estatuan jaioberrien ia %1ari eragiten dio eta gizartean eragin handiena duen gaixotasunetako bat da. EAEn sortzetiko kardiopatia duten 175 haur inguru jaiotzen dira urtean.

Jaiotzear dagoen edo jaio berria den haurrak gaixotasun hau duela jakiteak eta hilabete gutxira bihotzeko ebakuntza egin beharko diotela entzuteak gurasoengan erreakzio-soka luzea eragiten du; beldurra, mina, ulertezintasuna, tristura, informazio falta… Sortzetiko kardiopatiak ez dira bihotzeko arazoak bakarrik; eragin handia izaten dute haurraren eta familiaren bizitzako esparru askotan: emozionalki eragin dezake, hezkuntza-etapan, familian edo garapen neurologikoan, besteak beste.

Gaixotasun hau ezagutarazteko baliatu nahi izan dute egun hau eta Bihotzez elkarteak egindako deialdiarekin bat egin du Oiartzungo Udalak, balkoian puxika gorriak jarrita.

Bihotzez elkarteak, sortzetiko kardiopatia duten haur, gazteei eta haien familiei laguntzeko elkartea da. Egoera hau bizi duten familiei babesa, informazioa eta aholkularitza eskaintzea dute helburu.

Gehigarriak

Udalak bat egin du Sortzetiko Kardiopatien Nazioarteko Egunarekin