Astean behin Ttipi-Ttapa aritzeko hitzordu berria

Ibilbide laburragoak egiteko taldea sortu dute, ostegunetan.

Jarduera fisikoa sustatzeko Oiartzungo Udalak eskaintzen duen orientazio zerbitzua da Abittu. Kirola egiten ez duten herritarrak aktibo bihurtzea du helburu, euren bizi kalitatea hobetzeko.

Abitturen ekimenez sortu zen 2018an Ttipi-Ttapa egitasmoa. Oiartzungo txoko eta mendietatik bi ordu inguruko txangoak egiteko elkartzen dira ostiralero hainbat herritar. Herria eta jendea ezagutuaz ariketa fisikoa egiteko aitzakia bikaina da. 20 lagun inguru biltzen dira astero eta 40 pertsona ezberdin joaten dira talde honetara.

Ostegunetan, bueltaxka lasaiak egiteko talde berria

Ekimenaren arrakasta ikusita, zerbitzua beste pertsona batzuetara zabaltzeko talde berria sortu dute Zaintzadi eta Petra Lekuona egoitzarekin elkarlanean. Profil eta behar ezberdinak dituzten pertsonetara iritsi nahi dute. Aktibo mantentzeak egoera fisikoan, ongizatean eta animoan dakartzan onurez jakitun, ariketa egiteaz gain inklusioa ere landu nahi dute, harreman sareak sortu eta komunitatea indartu. Ostegunetan elkartuko da talde berria, 10:30ean Done Eztebe plazan, eta ibilbide laburragoak egingo dituzte. Ekainaren 6an izango da lehen hitzordua.

Antolatzaileek azaldu dutenez, bueltaxka lasaiak izango dira, adineko pertsonek ere egiteko modukoak. Ibiltzeko autonomoa den edonork hartu dezake parte. “Lagun artean paseatzeko ibilbideak antolatuko ditugu, solastuz eta haize freskoa arnastuz tarte atsegina pasatzeko”.

Informazio gehiago nahi dutenek kiroldegian, Petra Lekuona egoitzan edo Zaintzadiren bulegoan (Fermiñene etxean) eskatu dezakete. Parte hartzeko ez da izenik eman behar eta nahikoa da ostegun goizetan plazara azaltzea. Egoera fisikoa edozein izanik ere, oiartzuar denek izango dute tokia. “Lasai-lasai joango gara, ez dugu inor atzean utziko!”.

Ostiraletako taldea ere irekia dela gogorarazi dute eta ibilbide luzeagoak egiteko gogoa duen edonor agertu daitekeela 9:30ean kiroldegira.

Argazkian, ezkerretik eskubira, Olaia Zubillaga (Petra Lekuona egoitza), Xabi Sanz (Abittu), Aintzane Iribar (Zaintzadi) eta Olaia Lasa (Oiartzungo Udala).

Gehigarriak

Astean behin Ttipi-Ttapa aritzeko hitzordu berria