LGTBIQ Harrotasunaren Eguneko adierazpen instituzionala adostu dute bi udal taldeek

Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia dela aldarrikatu dute.

Adierazpen instituzionala egin dute EH Bildu eta EAJ-PNV udal taldeek LGTBIQ+ harrotasunaren egunean eta “gure bizitzez, gure genealogiaz eta LGTBIQ+ mugimenduaz harro” daudela aldarrikatu dute.  Salatu dute LGTBIQ+ pertsonen inbizibilizazio eta bazterketak presente jarraitzen duela bizitzako arlo guztietan. “Diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira, eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude. Beraz, funtsezkoa da gizarte gisa erne eta tinko egotea eskuratutako eskubideen defentsaren alde”.

Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea “ezinbestekoa” dela adierazi dute. “Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… ezartzea ezinbestekoa dugu”. Horregatik guztiagatik, konpromisoa hartu dute LGTBIQ+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoak egin, eta honetan oinarritutako ekintza plan integralak abiatzeko, herriko LGTBIQ+ mugimenduko kideekin elkarlanean.

Irakurri adierazpen instituzionala, hemen.